Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaiaren abestia eta bideoklipa aurkeztu ditugu
2026-04-29
Gaur aurkeztu ditugu prentsaurrean 2026ko ekainaren 7an Santurtzin (Bizkaia) ospatuko dugun Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaiaren abestia eta bideoklipa. Prentsaurrekoa EITBren egoitzan egin da. Aurkezpenean parte hartu dute Mikel Inuntziaga abestiaren sortzaileak, Nerea Zendoia Makusiren arduradunak eta Iraia Rojo EHIGEko ordezkariak. Santurtziko eskola publikoaren komunitatearen ordezkariak ere egon dira kantuaren aurkezpenean.
“IZAN NAHI DUGUNA” ABESTIA ETA BIDEOKLIPA
Ehunak sortu, sareak lotu, elkar ehundu, ehunduz errotu dio “Izan nahi duguna” kantuaren lehenengo esaldiak, eta horrelako izan da kantuaren sorkuntza prozesua, saretzearen emaitza.
“Izan nahi duguna” Eidabek ekoiztutako kantuaren musika Mikel Inuntziagak sortu du. Erritmoa, umorea eta freskotasuna dira kantuaren ezaugarri nagusiak. Letrari dagokionez eta aurtengo leloari men eginez, Onintza Enbeitak jarri ditu hitzak eta musikari, abeslari eta lagunak izan ditu Euskal Eskola Publikoaren alde kantatzeko prest: Jone Laspiur, Joxe Mari Agirretxe (Porrotx), Itziar Ituño, Roberto Moso eta Yogurinha Borova, tartean. Bideokliparen zuzendaria Urko Olazabal izan da.
Santurtziko Euskal Eskola Publikoaren sarea ez da makala, izan ere bi haurreskola (Emilia Zuza eta Mirabueno), Haur eta Lehen Hezkuntzako lau eskola (Serantes, Emilia Zuza, Las Viñas eta Itsasoko Ama), Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko bi ikastetxe (Kantauri eta Axular) eta Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bat (Santurtzi LH) ditu Santurtzik.
Azken urteotan, elkarlanetik abiatuta, Euskal Eskola Publikoa defendatzeko eta aldarrikatzeko ahalegin garrantzitsuak egin ditu Santurtziko eskola publikoaren komunitateak, eskola-ehundura sendoa eta aberatsa sortuz, eta hori omendu nahi izan da abesti eta bideokliparen bidez.
Deskargatu letra PDF formatuan eta ikasi esazu ozen kantatzeko!
Deskargatu prentsa-txostena.
