INPLIKATUTAKO ERAGILE GUZTIEN ARTEAN ADOSTUTAKO ESKOLA-JANTOKI EREDU BERRI BATEN ALDEKO APOSTUA EGITEN DU EHIGE-K

EHIGEk begi onez ikusten du eskola-jantokien jarraipen batzordearen aktibazioa, kudeaketa eredu desberdinak aztertzeko aukera emango bait du. Izan ere, hainbat aldiz salatu dugun moduan, egungo eredua zaharkituta dago eta ez ditu asebetetzen eskola-komunitateak.  

Kudeaketa eredu berri oro printzipio hauetan oinarritu beharko litzateke, beste batzuen artean: 

  • Ikastetxearen autonomia erabakitzeko nola kudeatu nahi duen eskola-jantokia: ikastetxeak erabaki behar du OOGaren bidez, nolako kudeaketa eredua nahi duen jantokiarentzat. 
  • Ikastetxeko antolaketa, OOG eta Jantoki-batzordearen bidez, espazioaren izaera pedagogikoa bermatzeko: jantokiak tresna pedagogiko oso baliagarria da eta ikastetxeak zehaztu dituen helburuekin bat egin behar du (autonomia eta berdintasuna, ingurugiroa zaindu, eta abar). 
  • Eusko Jaurlaritza edo beste erakunde publikoen erantzukidetasuna: espazioaren kudeaketa publikoaren bermea, osasun bermeak, erantzukizun zibila, lan-baldintza duinak, eta abar. Ikastetxe publiko bateko jantokiak publiko izaten jarraitu behar du. 
  • Eredu osasungarria, hezkuntza-irizpideetan oinarritua, ingurugiroarekiko errespetuan (Km 0) gure inguruko garapen soziala eta ekonomikoa sustatuko duena. 

Dei bat egiten diegu alde guztiei orain arte bezala elkarlanean aritzeko helburu hori lortu ahal izateko.