“Ikaskuntza-Zerbitzuko Proiektuak” Jardunaldia

Azaroaren 14an, Donostiako San Telmo museoan “Ikasketa-Zerbitzuen Proiektuak” jardunaldia ospatu zen eta bertan, besteak beste, Gipuzkoako irakaskuntza publikoko zentruetako bi proiektu aurkeztu ziren: Donostiako Lauaizeta Ikastola BHI “Errefuxiatuekin bat eginez!” eta  Egape Ikastola BHI “Komertzio txikiak, bihotz handiak”.

Mintegi hau, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak antolatutakoa da, ikasketa-zerbitzu proiektuetan lanean ari diren ikastetxe zein erakundeek beren egitasmoak partekatzeko eta saretzeko.

Metodologia honen helburua, komunitate osorako onura izango duen zerbitzu bat egitera zuzendurik doa eta, era berean, ikasleek gelan ikasitakoa indartzen dute eta giza-baloreak eta curriculum akademikoak zehaztutako gaitasunak uztartzen dituzte.

San Telmo museoko jardunaldi honetan, Egaperen izenean, Ihintza Erremundeguy izan zen azalpenak eman zituen irakaslea. Hain zuzen ere, bera izan zen aurreko ikasturtean Egapeko ikasleekin batera eta Urnietako Udala, Merkatari eta Ostalarien Elkartea eta Jolas eta Ekin erakundearekin elkarlanean, herriko dendetan kontsumoa bultzatzeko kanpaina ikastetxean landu zuen irakaslea. Ikasturte honetan “Komertzio txikiak, bihotz handiak” proiektuak jarraipena edukiko du Urnietan. Egapeko ikasleak, herriko beste eragileekin, dagoeneko lanean ari dira, Gabonetako ospakizunei begira kanpaina berri bat abian jartzeko.

Lauaizeta Ikastolak, aldiz, Siriako gerratik ihes egin duten errefuxiatuekin eta Donostiako Zaporeak Garapeneko Elkartearekin landu duen proiektua aurkeztu zuen.

Jardunaldiaren parte-hartzaileen artean, besteak beste, hezkuntza ez-arautuaren hezitzaileak, aisialdi taldeen arduradunak, beste ikastetxeetako irakasleak, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak, Baikara eta Hezkuntza saileko ordezkariak zeuden.