Familiok kurtso amaieraren inguruko zalantzak helarazi dizkiogu Sailburuari

2020-04-29

Joan den astean, Hezkuntza Sailak ikasturte honen amaierarako hezkuntza-plana argitaratu zuen.

Plan honek ikasturte honi buruz genituen zalantza batzuk argitzen ditu, bereziki curriculumarekin, ebaluazioarekin eta ikasturtearen errepikapenarekin lotutakoak. Hala ere, zalantza batzuk argitu gabe daude eta Sailburuari helarazi dizkiogu. Gehienak 8.000 familiek gure inkestan emandako erantzunetatik atera ditugu.

 

FAMILIEI LAGUNTZEKO NEURRIAK

Familia askok honelako kezkak helarazi dizkigute inkestetan: “ez gara irakasleak”, “zailtasunak ditugu etxerako lanekin laguntzeko”, “ez dakigu euskaraz”, “egoera psikologiko horrek nire alaba/semeari nola eragingo dion kezkatzen nau”, “baliabide emozionalak behar ditugu”, eta abar.

Apirilaren hasieran, Ebeteko IƱaki Eizmendik egindako “nola lagun diezaiekegu gure seme-alabei eskolako jarduerekin?” dokumentua jarri genuen haien esku. Bestalde, Hezkuntza Sailak familientzako orientabideak biltzen dituen dokumentu bat egin du.

Hala ere, laguntza psikopedagogikoaren falta sumatzen dugu egiten ari diren eskola-lanetan. Hortik dator gure galdera:

  • Familiei laguntzeko beste neurri batzuk prestatzen ari al da Saila?

 

FAMILIAREN ETA IKASTETXEAREN ARTEKO HARREMANA

Uste dugu une honetan inoiz baino garrantzi handiagoa hartu duela familiaren eta ikastetxearen arteko harremanak, eta, are gehiago, tutoretzak eta orientazioak.

Inkestetan ere sarritan agertu da gai hori, eta familia batzuek ikastetxearekin eta irakasleekin harreman handiagoa izan nahi dute.

Horregatik, honelako galderak egin ditugu:

  • Nola indartuko dira, besteak beste, familiekiko komunikazioa, tutoretzak, orientazioa edo hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arreta?

 

ITZULI SEGURUA IKASGELETARA

Osasun-larrialdiko egoera batean gaude, eta oraindik zalantza asko daude pandemiaren bilakaerari, birusaren portaerari, berragertzei eta abarri buruz. Horrek guztiak neurriak hartzea eskatzen du, ikasgeletara modu seguruan itzultzea bermatzeko.

Testuinguru horretan, Sailak irekita utzi du ekainean mailarik altuenetako ikasgeletara itzultzeko aukera. Horregatik, zalantza hauek planteatu ditugu:

  • Zer baldintzatan ari da planifikatzen Saila ikasgeletara segurtasunez itzultzea?
  • Zer neurri ari da prestatzen alderdi hauei dagokienez: banakako segurtasun-neurriak eta haien osasun-bermea, ikasgelako ratioak, lanaldiak eta ordutegiak, espazioen erabilera (jantokia bereziki)?
  • Klasera bueltatzea derrigorrezkoa izango al da ikasleentzat?

 

IKASTETXEAK DIGITALIZATZEA ETA BALIABIDE DIGITALIK EZ DUTEN EDO DESKONEKTATURIK DAUDEN IKASLEEI ARRETA EMATEA

Urrutiko irakaskuntza eta ikaskuntza-prozesua jarraitzeko behar diren baliabideak ez dituzten eta giro prekarioetan bizi diren ikasleak izaten ari dira kaltetuenak.

Hala ere, egoeraren larritasunak segur aski ikasle gehiagori eragingo die jada kaltebera gisa identifikatuta zeudenak baino; izan ere, krisi ekonomikoaren ondorioek orain arte egoera hori pairatzen ez zuten familiei eragingo diete.

Gainera, krisi honetan agerian geratzen ari da ikastetxe publikoen ezarpen digitala ez dela nahikoa, hainbat aldiz salatu dugun bezala.

Testuinguru horretan, honelako galderak egin ditugu:

  • Zenbat ikaslek behar izan dituzte baliabide digital gehigarriak?
  • Zenbat ikaslek ez dute ikastetxearekiko komunikazio-kanala mantentzen edo deskonektatuta geratu dira?
  • Zer neurri hartu dira ikasle horiek identifikatu ondoren?
  • Sailak identifikatu al ditu ikastetxeek baliabideetan eta prestakuntzan dituzten beharrak, besteak beste?
  • Zer neurri aurreikusi dira ezagutza digitalik gabeko familia eta ikasleentzat?

 

HEZKUNTZA-ERREFORTZUAK

Egungo egoerak ez du bermatzen ikasle guztiek eskuratu ahal izango dituztela ezarritako gaitasunak. Horregatik, berebiziko garrantzia dute hezkuntza-errefortzuek, bai orain, bai datorren ikasturtean. Helburu horiek Sailak aurkeztutako planean jasota daude, baina oraingoz ez dago inolako zehaztapenik. Zentzu horretan, Euskara oso alderdi sentikorra da, eta eragin handia izango du une honetan erabiltzeko aukerarik ez duten ikasleengan.

Bestalde, Sailak erabaki du udan familiek egitea indartze hori, aldi horretan ikastetxeetan gizarte eta hezkuntza-arloko esku-hartzea egiteko aukera alde batera utzita. Uste dugu horrek ez duela inolako zentzurik, kontuan hartzen badugu orain jada familiak erantzukizun handia hartzen ari direla.

Horregatik, honelako gaiak planteatu ditugu:

  • Nola hautemango dira ikasleen ikaskuntza-prozesuko zailtasunak, ikasle horietatik, ahulena, deskonektatuta badago?
  • Zer baliabide gehigarri erabiliko dira indartze hori gauzatzeko?
  • Nola indartuko dira udan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak?

 

HEZKUNTZA-PREMIA BEREZIAK DITUZTEN IKASLEAK

Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleak dira une honetan sentikorrenak, eta hezkuntza premia bereziak (HPB) eta berariazko hezkuntza-laguntza premiak (BHLP) dituzten seme-alabak dituzten familiek kezka handia agertu duzue inkestetan; izan ere, haien seme-alabek baliabide gehiago eta arreta zuzenagoa behar dituzte, esleituta dituzten espezialisten bidez.

Horregatik, honelako eskaerak egin ditugu:

  • HPBak dituzten ikasle guztiek beren curriculuma konfinamendu-egoera horretara egokitzea.
  • Ikasle horiek, pandemian, esleituta dituzten espezialisten saioak izaten jarraitzea (PT, ELE, fisioterapia, etab.).
  • Familiei laguntza-materiala uztea (sedestazio-hamakak, bipedestadoreak, piktograma-mapak, braillez egindako materiala, irakurtzeko eta idazteko atrilak, posizionamendu ortopedikoko aulkiak, etab.)