Euskadiko Eskola Kontseiluak Hezkuntza Hitzarmenari buruz egindako txostenaren kontra bozkatu dugu

2021-12-23

Euskadiko Eskola Kontseiluak Hezkuntza sailari helaraziko dion “Hezkuntza Hitzarmena: Euskadiko Eskola Kontseiluaren proposamena” dokumentuaren kontra bozkatu zuten gure ordezkariek abenduaren 16an ospatu zen osoko bilkuran.

Gure ustez, ez da behar adina denbora eman proposamen sakonak egin ahal izateko, EEKri, Administrazioari eta, oro har, herritarrei gure hezkuntza-sistemak izan behar duenaz duten ikuspegia adosteko edo planteatzeko.

Euskal hezkuntza-sistema estrukturalki aldatzeko garaia iritsi dela uste dugu, eta hori aldaketarako, inplikaziorako eta erantzukizunerako benetako borondatearekin bakarrik egin ahal izango da, parte-hartze zabala eta irekia sustatuz.

Hau da, labur-labur, gure proposamena:

  • Kohesioa eta Gizarte-kohesiorako Euskal Hezkuntza Publikoaren Zerbitzua eraikitzea, titulartasun publikoko ikastetxeek osatua, ikasle guztien eskola-arrakastagatik elkarrekin lan egiten dutenak. Horretarako, eskola publikoaren hezkuntza-kalitatea hobetzeko plan estrategiko bat eskatzen dugu. Proposamen hori ez da berria, eta aspaldidanik eskatzen dugu.
  • Eskola publikoaren eskaintza berrantolatzea, honako hauetarako oinarriak jarriz: eskolatzearen arloko deszentralizazio administratiboa, ikastetxe publikoen arteko lankidetza, eta auzo, herri edo hiriko hezkuntza-proiektu komunitarioen garapena.
  • Euskararen etorkizunaren giltza eskola publikoan dago, gure hizkuntzaren ikaskuntzaren bermatzailea ikasle guztientzat, murgiltze-eredu malgu baten bidez, ikastetxearen hizkuntza-proiektuak arautua eta hizkuntzak ikasteko esparru integratu baten barruan artikulatua. Euskal Eskola Publikoaren lehentasunezko helburua ikasle euskaldun eleaniztunak lortzea izan behar da, gure kultura eta historia ezagutu eta eskubide osoko herritar sentituko direnak. Horrek esan nahi du, gainerako hizkuntzak eta kulturak errespetatuz, askotariko gizarte batean elkarrekin bizitzen ikasi behar dutela, eta gizarte-kohesiorako eragile aktiboak izan behar dutela.
  • Pertsona guztientzako eredu pedagogiko arrakastatsua, horretarako inbertsioa eta baliabideak areagotuz: eskola-parke publikoa hobetzea eta handitzea, eskola-testuinguruaren araberako ratioak malgutzea, jarduera osagarrien eta eskolaz kanpoko jardueren eskaintza ziurtatzea, hezkuntza-espazio formalak eta ez-formalak doakoak izatea behar duenarentzat, finantzaketa inklusiboa eta desberdintasunak murriztekoa, etab.
  • Hezkuntza publikorako gobernantza-eredu berri bat, elkarlaneko hezkuntza-komunitateen sare batekin, non parte-hartzaile guztiak hezkuntza-eragileak izango diren, ikastetxearen autonomia eta parte-hartze demokratikoa diren (IHP, ICP, kudeaketa-proiektua eta zuzendaritza-proiektuak, nortasunaren, funtzionamenduaren eta komunitatearen atxikimenduaren elementu nagusi gisa).

Azken batean, uste dugu iritsi dela garaia egungo eredua elikatzen ez jarraitzeko, eta arlo publikoari balio soziala emateko helburua duten politika publikoak babesteko.

Ikusi boto partikularra.