Donostiako ikastetxe publikoetako gurasoen elkarteak Hezkuntza Ordezkaritzaren eta Udalaren aurrean biltzen dira

2020-09-18

Ikastetxetako gurasook kezkaturik aurkitzen gara 2020-21 ikasturtearen aurrean. Egun batzuk besterik ez dira geratzen ikasturtea hasteko eta ez dugu inongo erantzunik jaso planteatzen diren hainbat zalantzen inguruan.

2020ko martxoaren 12an izan zen iazko ikasturtearen azken klase presentziala. Guztiok harrapatu gintuen ezustean eta bakoitzak ahal genuen moduan moldatu genuen ikasturte amaiera. Lau hilabete horietan hainbat arazo agerian geratu ziren.

Nahiz eta egoera berriak informazio nahasi eta ziurgabetasuna   ekarri, uste dugu hainbat neurri hartzeko informazio nahikoa badagoela. Hala ere, ez dugu topatu Hezkuntza Sailetik, ez eta beste administrazio inplikatuen partetik ere, mahai gainean dauden arazoei soluzioak bilatzeko eta erraztasunik emateko inongo borondaterik.

Egoera honek, gure seme-alabei eta, noski, gurasoei ere, arlo guztietan ondorio latzak ekarriko dizkigula badakigu . Horregatik guztiagatik gure kezkak eta aldarrikapenak hiru multzotan biltzea pentsatu dugu neurri horiek hartzeko gaitasuna duenari lana errazteko asmoz.

1-AURREZ-AURREKO KLASEAK BERMATZEA NAHI DUGU

Ezinbestekotzat jotzen dugu, ikasturteak, ahalik eta normaltasun maila handiena izan dezan, aurrez-aurrekoa izatea. Horretarako, beharrezkoa ikusten dugu segurtasuna bermatuko dituzten neurriak hartzea. Ez dugu,  gure sema-alabak pantaila baten aurrean hezitzea nahi.

2-BALIABIDEAK BEHAR DITUGU

Segurtasun hori bermatzeko protokoloa argitaratuta dago, baina bertan, bete behar diren neurriez haratago, ez da  neurri horiek bermatzeko soluzio konkreturik ageri; eta ikastetxeen esku utzi dute ardura guztia. Nola beteko dugu protokoloa egoera normal baterako pentsaturiko medioekin? Distantziak mantendu, garraioa burutu, bazkaldu, jolastu, kirola egin, ikasi,…..Baliabide pertsonalak eta materialak behar ditugu horretarako: irakasle gehiago, begirale gehiago (garraiorako eta jangelarako), zaintzaile gehiago, espazio gehiago, ordenagailu gehiago, segurtasuna bermatzeko gailuak eta produktu gehiago, lekuak egokitzeko elementuak, obrak egitea,….. Nahiz eta kurtso hasiera hemen izan, borondaterik badago garaiz gabiltza oraindik. Baliabide horiek gabe, hainbat iharduera bertan behera geratu beharko dira, horrek suposatzen duen guztiarekin. Ikastetxeetako bizitza talde bakoitzak bere gelan egotera murriztu daiteke; mobilitatea eta aisialdia oso mugatuak geldituko direlarik. Guzti horrek ondorio latzak izango ditu gure seme-alabentzat jarreran, motibazioan, eta noski, baita osasun fisikoan eta mentalean ere.

3-KONTZILIAZIOA

Segurtasun neurriak protokoloak dioen bezala betetzeko aukera edukita ere, haurrak etengabe etxean geratu beharko direla aurreikusten dugu. Katarro baten sintomak izanda ere ikastetxeek ez dutelako arriskurik nahiko. Egoera horrek, gurasoei karga handia suposatuko digu, izan ere, asko gara etxetik kanpo lan egiten dugunok. Konponbideak behar ditugu haurrekin etxean eta lanik egin gabe geratu beharko garenontzako.

Horregatik guztiagatik, gure sema-alaben osasunagatik (mentala eta fisikoa), ongi-izatearengatik, segurtasunarengatik, eta gurasoonagatik, konzentrazioa konbokatu dugu irailaren 18rako, arratsaldeko 18:00tan, Hezkuntza Sailako delegaritza aurrean, eta ondoren udaletxera hurbilduko gara.

Sinatuta: Baikara Gipuzkoako IGEen federazioa, “IbaigurasoakIbai Ikastolako Ikasleen Guraso Elkartea, “Jakingura” Jakintza Ikastolako ikasleen Guraso Elkartea, Ikasbide Ikastolako Ikasleen Guraso Elkartea, “Mendizorrotz” Igeldoko Guraso Elkartea, “Luberri Bostak” Luberriko Guraso Elkartea, “Urdintxo” Intxaurrondoko ikastolako Guraso elkartea, “Gorgain” Amassorrain Ikastolako Guraso Elkartea, “Latxaga” Aitor Ikastolako Guraso Elkartea, “Amara Berri” Amara Berri Ikastolako Guraso Elkartea