ONARPEN BERME BATZORDEETAN GARDENTASUN ETA INFORMAZIO FALTA SALATZEA

2025-06-09

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan ikasleak onartzeko prozesuaren araudiak, gardentasuna eta ikaspostuen esleipen zuzena bermatzeko kontrol eta jarraipen organo bat ezartzen du. Ikasleak Onarpen Berme Batzordea izeneko kontrol organo hori lurralde bakoitzean sortzen da eta haren parte dira hezkuntza administrazioa eta inplikatutako kolektiboen ordezkariak: ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, gurasoak, ikasleak eta udalak.

Batzorde horiek behar bezala funtziona dezaten, Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzek, eskola bakoitzean onartua izateko prozesua ebaluatu ahal izateko beharrezkoak diren datuak eman behar dizkie batzordekideei: ikaspostuen eskaintza, onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda, onartutako ikasleen behin betiko zerrenda eta itxarote-zerrendak. Informazio hori gabe, ezinezkoa izango litzateke bermatzea ikasleak onartzeko prozesua modu gardenean egin dela eta ikaspostuen esleipena indarrean dagoen araudiarekin bat datorrela.

Baikara Federazioak izendatuta, Gipuzkoako Bermeen Batzordeko kide diren eskola publikoetako gurasoen ordezkariek, behin eta berriz eta ohiko bide ofizial guztietatik eskatu dute bere lana betetzeko beharrezkoa eta ezinbestekoa den informazioa helerazteko, baina Hezkuntza Sailaren aldetik ez da inolako erantzunik jaso.

Egoera honen aurrean, Baikara Federazioak publikoki salatzen du 2025-2026 ikasturterako ikasleak onartzeko prozesuan dagoen gardentasun falta, baita Hezkuntza Saileko arduradunek, dokumentazioa eta informazioa eskuratzeari dagokionez, araudia ez betetzea ere, eta Hezkuntza sailburuari blokeo egoera hau berbideratu dezala eskatze zaio, Onarpen Berme Batzordeek beren egitekoa legearen arabera egin dezaten.