Orixek Tolosaldearen aniztasuna lantzen du ikasturtean zehar

2022-11-17

Tolosako Orixe institutuan, Batxilergoko ikasleak trukatzeko programaren barruan, aurtengo gai nagusia aniztasuna da. Helburu hori gauzatzeko proiektua ‘Rainbow Nations’ da eta hori irudikatzeko, ikastetxeko hezkuntza-komunitatea Tolosaldea Garatzen garapen-agentziarekin harremanetan jarri zen, eskualdeko kultura-aniztasunaren inguruko errealitatea ezagutzeko.

‘Rainbow Nations’-en jatorria ikertuko dute ikasleek eta Hegoafrikaren kasua aztertzen hasiko dira. Ondoren, gertaera horiek bizi garen errealitatearekin lotuko ditu. Hala, ikasturte osoan, ikasleek aniztasunarekin zerikusia duten hitzaldi, erakusketa eta ekitaldietan parte hartuko dute, bai Tolosan bai Menenen —Belgikako hiri horretako ikastetxeekin trukea baitute—. Helburua da ikasleek Tolosan eta Tolosaldean bizi den errealitate askotarikoaz jakin, hausnartu eta jabetzea.

Azkenik, proiektua erakunde edo entitate bat sortzean datza, aniztasun motaren bat (linguistikoa, erlijiosoa, sexuala, etnikoa…) lagundu edo sustatu ahal izateko.

Horrela, Orixek curriculumaren bi alderdi garrantzitsu lantzen ditu: alde batetik, kultura-aniztasuna eta kulturartekotasuna eta, bestetik, 2030erako nazioarteko komunitateak zehaztu dituen ’17 Garapen Iraunkorreko Helburuak’ direlako helburuetako bat. Aurreko ikasturtean, klima-aldaketa izan zen gai nagusia, eta oraingoan 10. helburua (Herrialdeen arteko eta herrialdeetako desberdintasunak murriztea) landuko du.