Udalek aparteko funtsak izango dituzte haur eta lehen hezkuntzako ikastetxe publikoen garbiketa finantzatzeko

2021-01-29

Akordio horren arabera, Hezkuntza Sailak funts honen bidez diruz lagunduko ditu udal-titulartasuneko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan COVID19ren aurkako prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten garbiketa-neurriak aplikatzearen ondorioz sortu diren gastu gehigarriak, 2020-2021 ikasturte honetan.

Gastu gehigarri horien artean sartzen dira garbiketako langileak kontratatzea eta lehendik daudenen ordu kopurua handitzea (langile propioak edo azpikontratatuak izan), bai eta garbiketa-produktuak erostea ere, baldin eta COVID19ren aurkako prebentzio-protokoloak betetzeko neurriek hala eskatzen badute.

Guztira, euren titulartasuneko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako instalazio publikoak dituzten EAEko 170 udalek jasoko dituzte laguntza hauek.

Zuzeneko dirulaguntza hauek aipatutako protokoloek eskatutako neurriak aplikatzearen ondoriozko garbiketa-gastu gehigarrien %60 finantzatzen dute. Diruz lagundu daitezkeen gastuak 2020ko irailaren 1etik 2021eko ekainaren 30era bitarteko aldian eginak izan beharko dira.