Planifikazio dekretuak sistema duala betikotzen du

2022-07-15

Laster EAEko ikastetxeen sarea antolatzeko eta planifikatzeko dekretu berria argitaratuko da. Araudi berri horrek ordezkatu egingo du indarrean dagoen dekretua, 2009koa, eta une honetan Euskadiko Eskola Kontseiluaren irizpenaren zain dago, zirriborroa aztertzen ari baita.

Dekretu berriak blindatu egiten du egungo sistema dual publiko-pribatua, bi sareak berdintzen dituelako EAEko Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren kontzeptupean, esistitzen ez den erakunde bat. Eragin-eremu bakoitzean titulartasun publikoko ikastetxe bat egon behar dela ezartzen duen arren (gaur egun badago hori, salbuespen gutxi batzuk izan ezik), eremu bakoitzean hezkuntza-aniztasuna bermatu behar dela ezartzen du (hau da, titulartasun publikoko eta pribatuko zentroak).

Ikastetxeen osaeran heterogeneotasuna egon behar dela esaten den arren, ez dago horri buruzko irizpiderik. Ez dakigu nola bermatuko den ikastetxe guztiek, publiko zein pribatuek, gizarte-kohesioari ekarpena egingo diotela.

Baliabide publikoak ahalik eta hobekien erabili behar direla arrazoituz, arriskuan jartzen du lerro bakarreko ikastetxe publikoen etorkizuna (ez, ordea, pribatuena), ezartzen baitu zentroek gutxienez bi unitate izan behar dutela ikasturte bakoitzeko.

Baliabideen optimizazio hori ez zaie ikastetxe pribatuei aplikatzen, ez behintzat gutxieneko ratioak ezartzean. Horrela, ikastetxe pribatuek talde bakoitzeko behar duten gutxieneko ikasle kopurua murriztu egiten da, itundutako talde kopurua handituko duen justifikazio pedagogiko zalantzagarria duen neurria, zalantzarik gabe.

EAEko irakaskuntza erregulatzen duten arauen aurreko irizpenak ematea dagokion Euskadiko Eskola Kontseiluko kide garen aldetik, honako ekarpen hauek egin ditugu, besteak beste:

  • Titulartasun publikoko ikastetxeen sareko ikaspostuen gehikuntza progresiboa jasotzea, LOMLOEk ezartzen duen bezala, eta ez eragin-eremu bakoitzeko “hezkuntza-aniztasunaren bermea”, proposatzen duen bezala.
  • Ikastetxe publikoek eta pribatuek osatutako euskal hezkuntza-zerbitzu publikoaren erreferentzia kentzea. Sare desberdinetako eta izaera juridiko desberdineko ikastetxeek ez dute hezkuntzako euskal zerbitzu publikorik osatzen. Are eta gehiago, Sailak ez du eskumenik titulartasun pribatuko zentroetan bat-egiteak, integrazioak edo zatiketak egiteko, dekretuak jasotzen duen bezala.
  • Lerro bakarreko ikastetxe publikoak alde batera uzteko erreferentzia kentzea.
  • Ikastetxe pribatuetako gutxieneko ratioak ez jaistea, itunpeko taldeen kopurua mantentzea edo handitzea baita helburu bakarra.

Ekarpenen dokumentu osoa ezagutu nahi baduzu, jarri harremanetan zure federazioarekin.