Orioko Zaragueta Herri Eskolako patioak irudia aldatuz hasi du ikasturtea

2020-09-22

IPI Zaragueta Herri Eskolako jolastokiak itxura aldatuta abiatuko du ikasturtea, mugimendu autonomoa sustatzeko gunea jarri baitute, naturako elementuak uztartuz. Badira hiru ikasturte jolastokiaren eraldaketa proiektua lantzen ari direla. Eskola komunitate osoak parte hartu du proiektuan: ikasleek, irakasleek, gurasoek eta jangelako langileek. Argi izan dute eraldaketa honetako protagonistak ikasleek izan behar dutela, eta beren nahiak kontuan hartuta landu dute proiektua.

ā€œTipi Garaā€ eraldaketarako diseinu zerbitzua ematen duen enpresaren aholkularitza jaso dute hiru urtez, eta gai horretan adituak diren teknikariek gidatu dute prozesua. Jolastokiaren eraldaketa planteatzeko hainbat faktorek bat gin zuten. Alde batetik HHko ikasgeletan Mugimendu Autonomoan lanean hasi ziren eta irakasleek ikusi zuten eskola barruko jardun horrek isla izan behar zuela jolastokian.

Bestetik, Lehen Hezkuntzan jokalekuek eta baloi jolasek sekulako indarra zutela, eta bazterrean geratzen zirela baloiarekin jolastu nahi ez zutenak. Inklusioa, Hezkidetza lantzeko proiektu paregabea izan da.

Eta , horiez gain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketen sorrerak premia berriak eragin zituen. Jolastokia LHrako diseinatua baitzegoen eta une batzuetan etapa ezberdinetako ikasleak batu daitezke espazio berean.

Prozesuaren faseak: Jabetu, asmatu, eraldatu Proiektua landu zuten lehen ikasturtean (2017-18) espazioaz jabetzea zen helburua. kontzientzia aldaketa eragiteko lanean murgildu ziren. Jolastokia ezagutzeko lanketa egin zuen, eta indarguneak eta ahuleziak identifikatzen aritu ziren. Hurrengo ikasturtean, berriz, ametsen fasean murgildu ginen, baina amets horiek muga eta behar batzuk zituztela argi zuten; hau da, ezin zituzten egingarriak ez ziren guneak amestu. Horregatik, beren mugak eta beharrak kontuan hartuta osatu zuten proiektua”.

Joan den ikasturtean, proiektua errealitate bihurtu zedin urratsak egiteko unea iritsi zen. Orioko Udalari aurkeztu zioten ekimena, eta diru laguntza eskatu zuten. 15.000 euro eman zituen Udalak, eta proiektuaren lehen zatiari heldu zioten. Berez, proiektuak kanpoko espazio guztiaren eraldatzea jasotzen badu ere, lehen fasean aurreko zatiari indarra ematea erabaki zuten.

Alde batetik, ingurua naturalizatu nahi izan dute lehen esku-hartzearekin. “Mendia oso gertu dugu eta duna gainean eraikia dagoen eskola gara. Horregatik, asfaltoa alde batera utzi eta naturarekin dugun harremana berreskuratu nahi dugu”, azaldu du irakasle batek. Bestetik, ohartu ziren jolastokiko zorua guztiz laua zela eta maldak behar zituztela; horretarako, mendixkak sortu dituzte. “Horrez gain, menditxoak zeharkatzen dituzten hodiak ere jarri ditugu. Izan ere, txikienei asko laguntzen die barrua-kanpoa moduko kontzeptuak gorputzaren mugimenduaren bidez ulertzea, eta hodi horiek horretan lagundu dezakete”.

Udalari esker ona COVID-19aren krisiak bete-betean harrapatu du proiektuaren lehen fasea, baina Orioko Udalak proiektuarekin aurrera egiteko hautua egin zuen, “Udalari egindako ahalegina eskertzen diogu. Pandemiak behar asko sortu ditu herrian, eta pentsatzen dugu Udalarentzat ere ez dela erraza izan gure proiektuaren aldeko apustua egitea. Aurrera begira, badakigu ziurgabetasun handiko garaiak datozela, eta malguak izango gara. Dirurik ez badago, oraingoz, badakigu ezingo ditugula jolastokiaren eraldatze prozesuko gainerako faseak gauzatu, baina irudimena astindu, eta beste jolastoki eredua sortzeko gure esku dagoena egingo dugu eskola komunitateko partaideok, egoera hobetu eta berriz ere udalarekin elkarlanean proiektuari ekin bitartean”.