Nesken bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzen duen proiektu aitzindaria

2020-12-18

Inspira STEAM proiektu aitzindaria da, nesken artean zientzia eta teknologiarako bokazioak sustatu nahi dituena. Horretarako sentsibilizazio eta orientazioko ekintzak egiten ditu, ikerketa, zientzia eta teknologia arloetako emakume profesionalen eskutik. Lehenengoz erabili da taldeko aholkularitza teknika lehen hezkuntzako ikasleen artean, STEAMak (Science, Technology, Engineering, Arts and Maths) sustatzeko proiektu batean.

Donostiako ikastetxeek 2021eko urtarrila eta ekaina bitartean landuko dute programa.

Proiektuaren muina emakume aholkulariak dira. Aholkulari horiek borondatez haien eguneroko bizitza azaltzen diete neska-mutilei klaseko orduetan egiten diren 6 lan-saioetan. Denak dira zientzialariak eta teknologoak eta hainbat arlotan dihardute lanean: irakaskuntzan, enpresan, ikerketan, kudeaketan, etab.

Lan saioetan zehar, zenbait gai jorratzen dituzte: inguruko estereotipoak, lana edo emakumeak eta zientzia historian zehar. Aholkulariaren eta nesken arteko topaketa horiekin hauxe lortu nahi da: zientzia eta teknologiako lanbideen inguruko zalantzak argitzea eta oztopoak gainditzea, motibazioak argitzea eta autoestimua sendotzea lanbide horretan hasteko, hala nahi izanez gero.

Ikasleen artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatzeko beharretik eta horien artean neskak egoteko premiatik sortu da Inspira STEAM. Prestakuntza teknologikoaren aldeko apustua egiten duten ikasleen kopurua beherantz doa urtean-urtean. Eta emakumeen taldeari bagagozkio, datuak are eta nabarmenagoak dira. Espainiako unibertsitate sistemako ikasle guztien % 54,3 emakumeak badira ere, titulazio teknikoetan, Ingeniaritzan eta Arkitekturan duten presentzia % 26,4ra jaisten da.