Murgiltze ereduaren aldeko mobilizazioak Iparraldeko ikastetxe publikoetan

Iparraldeko hainbat eskolatan mobilizazioak egiten ari dira murgiltze eredua defendatzeko xedez. 2008an hasi ziren imertsio esperimentazioak Iparraldeko ikastetxe publikoetan. Gaur egun, 17 eskola elebidun publikoek imertsioa proposatzen dute ama eskolan. 2019-2020 ikasturteko beste 3 eskolek imertsioa proposatu nahi zuten baina Hezkunde Nazionalak errefusatu ditu.

Jacqueline Gourault Frantziako Lurraldeen Kohesiorako eta lurralde kolektibitateen ministroak lurralde hizkuntzen irakaskuntzaren kontrako adierazpenak egin ditu Senatuan. Frantziako gobernuko ordezkariak, murgiltze eredua eskola publikoan legez kanpokoa dela dio. Gouraulten hitzetan, “murgiltze irakaskuntza, atzerritar hizkuntzan edo eskualde hizkuntzan egiten den irakaskuntza esklusiboa da, guk lagundu nahi dugun irakaskuntza elebidunaren kontrara. Murgiltze eredua posible da noski eskola pribatuetan, Diwan bezalako eskoletan adibidez, baina ez eskola publikoetan, ezin baitiegu burasoei inposatu. Horregatik Auzitegi Konstituzionalak murgiltze irakaskuntza inskonstituzionala zela ebatzia du”.

Ikas-bi eta Euskal Konfederazioaren jarrera

Ikas-bik, Irakaskuntza publikoaren ikasle elebidunen gurasoen elkarteak, egoera hori salatu du, alde batetik gurasoei ez zaielako sekula imertsioa inposatu eta ikasleak elebiduntzeko gaur egun imertsio sistema ama eskolan beharrezkoa dela uste duelako.

Euskal Konfederazioak haserre biziz hartu ditu Gouraultek egin dituen lurralde hizkuntzen irakaskuntzaren kontrako adierazpenak. Euskal Konfederazioaren hitzetan, “murgiltze eredua ez da irakaskuntza esklusibo bat. Murgiltze ereduaren bidez haurrek euskaraz ikasten dute ama eskoletan eta ondoren Lehen Mailan frantsesez ere ikasten dute. Murgiltze eredua da bide bakarra, egun eskolan frantsesarekin sartzen diren ikasleak bihar elebidun atera daitezen”.

Horretaz gain, murgiltze eredua ez zaiela gurasoei inposatzen, baizik eta proposatzen zaiela, eta murgiltze eredua eskola publikoetan ez dela antikonstituzionala, esperimentazio legean oinarritzen delako, azaldu du Euskal Konfederazioak.

Euskararen Erakunde Publikoak ere gutuna bidali dio Frantziako Gobernuari, murgiltze eredua defendatzeko. “Lurralde Kohesiorako eta Tokiko Kolektibitateekiko harremanetarako ministroaren erranak ezin ditugu Estatuaren erantzun ofizial gisa kontsideratu”, dio gutunean.