LH eta DBHko etapen arteko lotura aztertu du HEIZEk jardunaldi pedagogikoetan

2022-11-16

HEIZEk ā€œEtapen arteko loturaā€ X. Jardunaldi Pedagogikoak egin berri ditu Bilboko Hezkuntza Fakultatean. Beste edizio guztiak bezala, Eskola Publikoaren ahalduntzearen gai nuklearretan zentratu da jardunaldia, adituen begiradaz hornituz eta eguneroko errealitatearekin uztartuz. Bi atal izan ditu jardunaldiak: bi adituen ekarpenak entzuteko aukera izan da lehenengo atalean, UVICeko Mila Naranjo eta EHUko Nerea Permach. Ondoren, lan-taldeak osatu dira, elkarrengandik ikasteko helburuarekin.

Konpetentzien ebaluazioa etapen arteko erlazioan

Mila Naranjo hezkuntza psikologian aditua da eta Ā UVICeko irakaslea da, besteak beste. Konpetentzien ebaluazioak etapen arteko erlazioan nola lagun dezaken azaldu zuen.

Lehenik eta behin konpetentzietan oinarritutako ikaskuntzen ezaugarriak gogorarazi zituen:

  • Transferigarriak izan behar dira.
  • Adierazgarriak eta iraunkorrak izan behar dira.
  • Emankorrak izan behar dira.
  • Funtzionalak izan behar dira.

Ondoren, konpetentzietan oinarritutako ikaskuntza-irakaskuntza prozesu guztiek izan behar dituzten ezaugarriak azpimarratu zituen:

  • Zeintzuk helburu lortu nahi ditugu? Ikasle guztientzako minimo ekitatibo batzuk bermatuko direla zehaztea proposatu zuen.
  • Zein hezkuntza-jarduera egingo ditugu helburu horiek lortzeko? Koherentzia egon behar da helburu eta jardueren artean.
  • Zer nolako ebaluazio tresnak erabiliko ditugu helburu horiek lortzen direla konprobatzeko?
  • Emaitzak jaso ondoren hartu beharreko erabakiak.

Ebaluazioari buruz ere aritu zen eta ebaluazioaz arduratzen diren agenteei buruz aritzean, proposamen interesgarri bat egin zuen: besteekiko autoebaluazioa; hau da, zer egin dut nik besteak hobeto ikas dezan?

 

Trantsizio plana

EHUKo Hezkuntza Fakultateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza saileko irakaslea da Nerea Permach. Etapen arteko trantsizio plana egitea proposatu zuen, zeinek LH eta DBHko ikastetxeen hezkuntza proiektuen parte izan beharko lukeen. Hiru helburu izan beharko lituzke plan honek:

  • Ikaslearen hezkuntza-prozesuaren jarraipena sustatzea.
  • Familiekin lankidetza sustatzea.
  • Ikastetxeen eta inplikatutako eragileen ekintzen koordinazioa bermatzea.

LH eta DBHko zentroen arteko trantsiziorako talde motorra eratzea proposatu zuen, bi ikastetxeetako ikasketa buruekin, aholkulari eta orientatzailea, LHko azken zikloko koordinatzailea eta DBHko oinarrizko gai orokorretako departamentuko buruek osatua. Horretaz gain, bestelako taldeak osatzea proposatzen du bi etapetako tutore eta Pedagogia Terapeutikoko irakasleekin.

Ekintza zehatzak barne bildu beharko ditu planak:

  • LHko seigarren mailako ikasleei zuzendutakoak.
  • Gurasoei zuzendutakoak.
  • Behar bereziak dituzten ikasleei zuzenduak.
  • Hezkuntza taldeei eta Didaktika sailei zuzendutakoak.

Guzti hau egiteko berariazko formakuntza beharko dute irakasle eta koordinatzaileek, eta denboralizazio eta ebaluazioaz ere aritu zen.

Laburbilduz, helburu hauek izan beharko lituzke trantsizio planak:

  • Kudeaketa emozionala garatzeko estrategien aplikazioa sustatzea.
  • Ikasleen autonomia sustatzea.
  • Gaitasunak garatzeko estrategia metodologikoak ezartzea.
  • Trantsizioari lotutako gai curricular, antolamendu eta alderdi metodologikoei buruzko barrutiko bileretan akordioak ezartzea.
  • Etapa ezberdinen artean proiektu komunak gauzatzea.
  • Trantsizio prozesuan familien parte-hartzea sustatzea.

 

Teoriatik praktikara

Bien hitzaldiak amaituta, elkarren esperientziak ezagutzeko aukera egon zen lan-taldeetan eta bereziki bi ataletan hobetu beharra azpimarratu zen: metodologia eta ebaluazioa.

Etapen arteko trantsizioarekin lotutako hainbat jarduera egiten dituzte ikastetxe publikoek:

  • LHko ikasleen bisitak DBHra.
  • Bi ikastetxeen arteko bilerak ikasleak taldekatzeko.
  • DBHko zuzendarien bilera LH6ko familiekin.
  • Tutoreen arteko bilerak.
  • Klaustro pedagogikoak azaltzeko nola egiten den lan etapa bakoitzean.
  • LHko ikastetxeen bilerak DBHra pasatu diren familiekin.

Orain guzti horiek sistematizatzea geratzen zaigu.