Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala aurkeztu du Kontseiluak
2021-06-21
Euskalgintzaren Kontseiluko bazkide garen heinean, larunbat honetan erakunde honek Kursaalean antolatu duen Batuz aldatu dokumentuaren aurkezpenean parte hartu dugu. Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun berriak eraikitzea da azken hilabeteetan Kontseiluaren kideekin zein kanpoko hainbat eragileekin landu den dokumentu honen helburua, eta 99 eragilek egin dute bat guztira dokumentuarekin.
Hauxe da ekimen honen xedea: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea eta horretarako hizkuntza eskubideak eremu guztietan bermatzea. Hori lortzeko, batetik hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu beharko lukete hizkuntza politikek. Bestetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotu, eta hizkuntza politikek norabide horretan egin beharko dute lan.
Hiru erronka
Hiru erronka nagusi ditu Batuz aldatu dokumentuak:
- Adostutako dokumentua eragile gehiagotara iristea.
- Hizkuntza-politika orokorretan eragitea arloz arlo zehaztuz non dauden beharrak.
- Eragileek lortutako adostasun soziala adostasun politiko bihurtzea.
Deskargatu Batuz aldatu txostena PDF formatuan hemen.