Hezkuntza sailak aurkeztu duen eskola-jantokien kudeaketa eredu berriak, baldintzak eta finantziaketa zehaztu gabe, nahasmena sortu du familietan eta gizartean

Azken urtean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak martxan ipinitako Jantokien Batzordean parte hartu du EHIGEk. Eusko Legebiltzarrak eskatu zuen mahai hau abiatzea. Hasieratik jakin dugun arren aholku-batzordea zela soilik, bertan parte hartu dugu, eskola-jantoki eredu berri osasuntsuago, justuago, gertuago eta hezitzaileagoa lortzeko bidean pausuak eman genitzakelakoan.

Atzo ospatu zen azken bileran egungo kudeaketa eredua aldatzeko erabakia jakinarazi zigun Hezkuntza sailak. Argitu behar da erabaki hori aldebakarrekoa izan dela eta ez dela adostu. Erabakiarekiko desadostasuna jakinarazi genion arren atzo bertan, titular informatibo soil bat egin zuen publiko, familiak eta gizartean nahasmena sortuz. Izan ere, ez ditu argitu eredu berria bideragarri egingo luketen baldintza ezta finantzaketa ere.

Momentu honetan ditugun datuek hainbat kezka sortzen dizkigute:

  • Hezkuntza sailak bereak diren ardurak alde batera utzi eta ardura GUZTIAK guraso elkartearen gain uzten dituen eredu berri bat planteatzen du. EHIGEren ustez familiek eta eskolen ardura partekatuan oinarritu behar da eskola-jantokien kudeaketa. Martxan dauden lau esperientzia pilotuak (administrazioaren pertsonalarekin sukaldean) pausu on bat dira bide honetan.
  • Iragarritako eredua bideraezina da: eskola-jantokien finantzazioa ezin da oinarritu “kudeaketa errazteko laguntzak” izeneko deialdi batean. Hezkuntza saila behartuta dago aurkezten duen proposamenaren finantzaketa eredu sendo bat aurkeztera. Ez egitekotan, eskola-jangela kudeatu nahi duten eskola-komunitateak zigortzen ditu eta administrazioaren pertsonalgoa izateko aukera kentzen die.

Sortutako zalaparta baretzeko, Administrazioari zorroztasun gehiago eskatzen diogu aurkezten dituen proposamenetan eta familien eskaerei berriro bizkarrik ez emateko. Edozein kudeaketa eredu berrik ezin du alde batera utzi Hezkuntza administrazioaren ardura partekatua. Egoera hau datozen egunetan konponduko delakoan gaude. Gu prest gaude elkarrizketarako.