Hezkuntza publikoaren aldeko manifestazio historikoa

2021-11-08

8.000-10.000 lagun inguru bildu ginen larunbatean Bilbon “Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez!” lelopean Euskal Eskola Publikoaz harro! Topaguneak deitutako manifestazioan. Hamarkadak pasatu dira eskola publikoaren alde egin ziren azken mobilizazioetatik.

Hezkuntza Akordio berri bat adosteko prozesua hasi den momentu honetan, eskola publikoa indartzeko politikak aldarrikatu genituen, egungo sistema duala gaindituko dutenak eta gure hezkuntza-sistema Europako herrialde aurreratuenen pare ipiniko dutenak.

180 ikastetxe publikok egin zuten bat deialdiarekin. Ondorioz, milaka lagun bildu ginen Bilbon: ikasleak, gurasoak, irakasleak, hezitzaileak, langileak, norbanakoak eta hainbat elkarte eta eragile.

Mobilizazioa arratsaldeko 5etan hasi zen Hezkuntza Delegaritzaren aurrean eta, Kale Nagusi osoa gurutzatu ondoren, Arriaga plazan amaitu zen. Txuski eta Purruski pailazoek girotu zuten bukaerako ekitaldia. Adierazpena irakurri zuten Amaia Bacigalupe ikastetxe publiko bateko amak, Janire Cortes AMUGE elkarteko kideak, Medou Marema Diop, eskola publikoko aitak eta Maribel López de Luzuariaga Topaguneko bozeramaleak. “Harro” abestia dantzatuz amaitu zen ekitaldia.

Topagunea osatzen dugun eragileoz gain, erakunde hauek egin zuten bat deialdiarekin: ELA, Ikasle Abertzaleak, Osasun publikoa aurrera!, Bigite Elkartea – Asociación Vizcaína de Integradoras/es Sociales y Animadores/as Socioculturales, Ongi etorri errefuxiatuak (Gipuzkoa), Emigrados Sin Fronteras, Komite Internazionalistak, Zirika! herri gunea, Mekauen Konpartsa Internazionalista, Gasteizko Alde zaharreko Goian kultur eta kirol elkartea, Feministalde taldea, AMUGE eta Bizkaiko Emakumeen Asanblada.

Manifestazioan parte hartu zuten ere EH-Bildu, Alternatiba, Elkarrekin-Podemos eta Ezker Anitza-IU-ko ordezkariek.