Familien ikuspegia emango dugu zuzendarien formakuntzan

2021-10-13

Pasa den ikasturtean aurreneko aldiz parte hartu genuen Berritzegune Nagusiak ikastetxe publikoetako zuzendarientzat antolatzen duen formakuntzan. Aurten ere parte hartzeko gonbitea jaso dugu eta hezkuntza-komunitatearen parte-hartzeari buruz gurasook ditugun kezkak eta proposamenak mahai gainean ipintzen saiatuko gara. Oraingo honetan, gainera, HEIZErekin batera egingo dugu.

Hauexek dira datak:

  • Urriak 20, 13:30etan (Durangoko Berritzegunea)
  • Urriak 27 13:30etan (Lasarteko Berritzegunea)
  • Azaroak 09 13:30etan (Gasteizko Berritzegunea)

Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzean oinarritzen den gobernantza-eredu berria defendatzen du EHIGEk eskola publikoarentzat. Eredu horretan, familiak ez dira bezero, hezkuntza-komunitateko kide aktiboak baino. Eskola publikoa aukeratzen dugunean, parte hartu dezakegulako egiten dugu familia askok, gure seme-alaben hezkuntza-prozesuan parte hartu nahi dugulako. Parte-hartze hori elkarrekiko konfiantzan oinarritu behar da.

Sinistu behar dugu familien parte-hartzea ona dela ikastetxearentzat: ikasleen eskola-arrakasta dakar eta elkarbizitzari (familiak ez dira arazo, konponbidearen parte baizik) laguntzen dio.

Parte-hartzeko zailtasunak daude hala ere:

  • Gizartearen indibidualismoa (orokorrean parte-hartze gutxi jarduera boluntarioetan).
  • Eraginkortasun falta (ez du ezertarako balio, ez dut ezer aldatuko).
  • Gaitasun falta.
  • Ez gaituzte kontuan hartzen.
  • Denbora falta.
  • Ardura eza (ez dagokit niri).

Batez ere amek hartzen dute parte (hemen ere genero-arrakala, gizonak arlo produktiboan dauden bitartean, emakumeak boluntariotzan).

Bestalde, egoera sozio-ekonomikoan oinarritutako arrakala dugu ere (zailtasun handiagoak familia etorkinak parte hartzeko). Benetako eskola inklusiboa lortu nahi badugu, jatorri eta kultura desberdinetako familien parte-hartzea sustatu behar dugu. Zuzendaritzari dagokio familien parte-hartzea sustatze.

Azkenik, familien parte-hartzea interes kolektiboen defentsa bezala ulertzen dugu, ez indibidualena.