Parte-hartzeaz aritu gara zuzendarientzako formakuntza-saio batean

2021-06-15

Berritzegune Nagusiak antolatzen duen zuzendaritzen formakuntzan parte hartu genuen pasa den maiatzaren 20an, eskola-komunitatearen parte-hartzeari zegokion saioan, hain zuzen ere.

Parte-hartzeari buruz daukagun ikuspegia azaldu genuen, familiek arlo honetan dituzten kezkei buruz aritu ginen eta hobekuntzarako proposamenak egiten genituen.

 

PARTE-HARTZEA = GOBERNANTZA-EREDU BERRIA

Hezkuntza-komunitatearen parte-hartzean oinarritzen den gobernantza-eredu berria defendatzen dugu eskola publikoarentzat. Eredu horretan, familiak ez dira bezero, hezkuntza-komunitateko kide aktiboak baino.

Eskola publikoa aukeratzen dugunean, gure seme-alaben hezkuntza-prozesuan parte hartu nahi dugulako egiten dugu askok.

Parte-hartze hori elkarrekiko konfiantzan oinarritu behar da. Familiak ez daude fiskalizatzeko, laguntzeko baizik. Euren ezagutzak aprobetxatu behar dira ikastetxearen hobekuntzarako. Honen harira, sinistu behar dugu familien parte-hartzea ona dela ikastetxearentzat: ikasleen eskola-arrakasta dakar eta elkarbizitzari laguntzen dio.

Hauek dira familiek parte-hartzeko dauzkaten zailtasun batzuk:

  • Gizartearen indibidualismoa (orokorrean parte-hartze gutxi jarduera boluntarioetan).
  • Eraginkortasun falta (ez du ezertarako balio, ez dut ezer aldatuko).
  • Gaitasun falta.
  • Ez gaituzte kontuan hartzen.
  • Denbora falta.
  • Ardura eza (ez dagokit niri).

Batez ere amek hartzen dute parte, genero-arrakala agerian utziz.

Bestalde, egoera sozio-ekonomikoan oinarritutako arrakala dugu ere. Benetako eskola inklusiboa lortu nahi badugu, jatorri eta kultura desberdinetako familien parte-hartzea sustatu behar dugu. Zuzendaritzari dagokio familien parte-hartzea sustatze.

Azkenik, familien parte-hartzea interes kolektiboen defentsa bezala ulertzen dugu, ez indibidualena.

 

FAMILIEN KEZKA NAGUSIAK/ZAILTASUNAK HELBURU HORIEK LORTZEKO

Hauek dira familiek/IGEek helarazten dizkiguten kezka nagusiak:

  • Informazioa falta zaie:
  • Ez dute ezagutzen OOGaren funtzionamendua (araudia): kideak nola berritzen diren, ez dakite adibidez IGEak kide bat izendatu dezaketela hauteskunde-prozesutik pasatu gabe.
  • Ez dituzte ezagutzen ikastetxeko dokumentuak garrantzitsuak (Ikastetxeko Hezkuntza Proiektua, Urteko Plana, Memoria…) ez zaielako helarazten edo ez dagoelako eskuragarri ikastetxeko web gunean, adibidez).
  • Ez dituzte kontuan hartzen: “Dirua behar denean bakarrik deitzen gaituzte”, “jaia antolatzeko soilik kontatzen dute gurekin, ez dugu lekurik hezkuntza-ereduari buruz aportatzeko”.
  • Prestakuntza falta zaie.
  • Parte hartzeko egitura bera oso burokratizatua da.
  • Komunikazioa falta: ez dira konpartitzen ikastetxeko proiektuak (klaustroak egiten ditu soilik)
  • DBHn egoera larriagotu egiten da (irakasle-taldea handiagoa delako, LHn parte hartu dutelako jada, seme-alabak hazi direlako, etabar).

 

 

HOBEKUNTZARAKO PROPOSAMENAK

OOG: ikastetxeen gobernantza hobetzeko tresna.

  • Ikasturte hasierako bilerak aprobetxatu familiak animatzeko OOGan parte hartzen, ikastetxeko kide izan daitezen animatzen, ez soilik X ikaslearen guraso.
  • Ordutegi egokia aukeratu kide guztientzako, eta denboraz konbokatu prestatu ahal izateko.
  • Parte-hartzea erraztu, adibidez zaintza-zerbitzua eskainiaz.
  • Aurretik bidali informazio eta dokumentazio guztia: ikastetxeko dokumentuak, egutegia…
  • Zuzendarien dinamizazio-papera: iraunkorrean prestatu familiekin OOGaren bilera.
  • Familien konplizitatea bilatu batzordeen bidez (lan-talde txikiagoak, eginkizun zehatzagoekin) batez ere DBHn, non irakasle-taldea handiagoa den eta familiak galduagoak dauden.
  • Aniztasuna sustatu: etorkinen parte hartzea ere sustatu. Erabakitze espazioak ezin dira soilik izan bertako familientzat (ez bakarrik jarduera folklorikoetan).
  • Hauteskundeak daudenean kanpaina egin, ez mugatu araudia bidaltzera.

 

IGE

Erlazio arina sustatu  IGE eta zuzendaritza-taldearen artean: informazioa, komunikazioa, enpatia…

  • IGEari lagundu eta erraztasunak eman: biltzeko, formakuntzak prestatzeko, zaintza-zerbitzua/eskolaz kanpoko jarduerak antolatzeko.
  • Ikasturte hasieran bilera informal bat egin elkar ezagutzeko, ikasturtean nola lan egin nahi duten elkarri azaltzeko, bakoitzaren errealitatea ezagutzeko (IGE, zuzendaritza) eta zertan lagundu diezaioken batek besteari. Naturala eta irekia izan behar da, aurreiritzi eta trabarik gabe. Ekipo berria aurkeztu.
  • Familia berriei harrera egiten zaienean IGEak gonbidatu parte hartzera.
  • Ikastetxeko dokumentuak eskuragarri ipini.

 

Orokorrak

  • Parte-hartzeko espazio berriak sortu (araudiak ezartzen dituenez gain): foroak, lan-taldeak, interesen araberako batzordeak (jantoki batzordea osatzeko erraztasunak).
  • Praktika onak partekatu beste ikastetxe batzuekin
  • Familien prestakuntza sustatu, euren parte-hartzea eraginkorra izan dadin.
  • Familiak gai konkretuetan interesa daukatenean (jantokiak) oztoporik ez ipini hitzaldiak egiteko, etabar.
  • Familia etorkinen parte-hartzea sustatu: beste etorkin batzuekin kontatu.