Euskarazko eredua orokortzearen aldeko adierazpenean parte hartu dugu

2021-12-16

Duela hilabete batzuk, Eusko Legebiltzarrak Hezkuntza Lege berria eztabaidatzeko prozesuari ekin zion. Kontestu horretan, EAEko hezkuntza-hitzarmenari lotuta euskararen eremuan jaso beharrekoa zehazteko ekarpena egin dugu, hainbat-hezkuntza eragilerekin batera, eta euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa bultzatu dugu, Euskaraz hezi, berdintasunean hazi izeneko adierazpenean jasotakoa. 

Gasteizko Europa Jauregian egindako prentsaurrekoan izan da Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailea hezkuntzako eragile nagusietako beste ordezkariekin batera: HEIZE, Ikastolen Elkartea, Kristau Eskola, HikHasi, ELA, LAB eta STEILAS. Euskalgintza ordezkatuz, euskararen normalizazioaren aldeko eragileen bilgune nagusia den Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta adostasunaren bultzatzaile Paul Bilbao izan da, eragile guztiek adostutako adierazpena irakurtzeaz arduratu dena.

Bilbaok “inflexio puntu” gisa definitu du gaurko agerraldia. “Hezkuntza-hitzarmenaren inguruko eztabaidan, euskarazko ereduaren aldekoa da adostasunik zabalena lortu duen gaia” adierazi du Kontseiluko eledunak.