Euskal Eskola Publikoaren aldeko manifestazioa urriaren 29an Donostian

2023-10-03

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak “EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAREN ALDE, HEZKUNTZA LEGE HONI EZ!” lelopean manifestazioa deitu du urriaren 29an Donostian. Honekin, dagoeneko lau dira hezkuntza lege berriaren aurka antolatu diren mobilizazioak. EHIGEtik Euskal Eskola Publikoko familiei dei egiten diegu mobilizazio honetan parte har dezaten, sare pribatu itunduaren interesei bakarrik erantzuten dien hezkuntza lege honen aurka.

Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari den lege-proiektua arbuiatzeko hainbat arrazoi plazaratu ditu Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak:

  • Sistema publiko-pribatua betikotzen du, Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoa deritzonaren bitartez.
  • Ikastetxe pribatuak % 100ean finantzatuko ditu, trukean inolako baldintzarik eskatu gabe.
  • Ez du eskola publikoa lehenesten.
  • Ez die bermatzen ikasle guztiei euskararen erabilera eta ezagutza.
  • Ez dago segregazioari aurre egiteko neurri eraginkorrik.

Deskargatu kartela.

Deskargatu PDF formatuan prentsa-oharra.