EHIGEren balorazio kritikoa Euskal Hezkuntzaren eraldaketarako oinarrien txostenaren zirriborroari
2022-03-04
Gaur bidali diogu Eusko Legebiltzarrari gure balorazio kritikoa XXI. mendeko hezkuntzarako oinarrien zirriborroari. Hasieratik adierazi dugunez, dokumentu horrek ez du jasotzen EHIGEk Legebiltzarrean egindako ekarpenik, eta horrek erakusten du ez dela izan prozesu parte hartzaile baten emaitza.
EHIGEk uste du Euskal Eskola Publikoak ez duela islatuta aurkituko eztabaida prozesuan zehar argitara eman dituen proposamen estrategikoetako bat bera ere. Gainera, eredu duala legitimatu eta iraunarazten du, irakaskuntza pribatuaren finantza-erreskatea ziurtatuz, demografia-jaitsieraren ondorioen aurrean.
Dokumentuaren abiapuntua EAEko hezkuntza-errealitatearen posizio akritikoa da, ez du ikasleen euskalduntzea bermatzen eta finantzaketaren gaia sare pribatuaren doakotasunari buruzkoa baino ez da. Ez zaio heltzen hezkuntzako inbertsioa handitzeari, ezta hezkuntza inklusiboaren aldeko inbertsioak lehenesteari ere. Era berean, ez da planteatzen sare publikoan doikuntzak egitea eta itunak zabaltzea ekarri duten aurrekontu-politikak berrikustea.
Ia testu osoak “publikoa” eta “pribatua” kontzeptuak erabiltzea saihesten du, bi sareen arteko desberdintasunei buruzko azterketa eta eztabaida saihesteko.
Testuak, askotan modu zehaztugabean, titulartasun desberdineko ikastetxeak dituen Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren oinarritik abiatuta lantzen du hezkuntza-sistema, funtsezko bi elementutan oinarrituta: ikastetxea aukeratzeko askatasuna eta irakaskuntzaren doakotasuna (eskola-txekea). Horrela, eredu duala legitimatzeaz eta iraunarazteaz gain, beherakada demografikoaren ondorioen aurrean irakaskuntza pribatuaren finantza-erreskatea ziurtatzen da.