EHIGEk parte hartuko du Euskaraldiaren 2. edizioan

2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean, 15 egunez, ospatuko da Euskaraldiaren bigarren edizioa. Egun horietan zehar milaka norbanakok identifikatuko dute euren burua belarriprest edo ahobizi modura eta horren araberako hizkuntz portaera izango dute. Euskaraldiaren helburua eta estrategia bat eta bera da: euskararen erabilera aktibatzea.

Lehenengo edizioan bezala Euskaraldiaren 2. edizio honetan parte hartzera animatzen zaituztegu ikastetxeok. EHIGEk parte hartuko du jada martxan dauden antolaketa batzordeetan eta jarduerak proposatuko dizkiegu ikastetxe publikoei. Aurreko edizioan ikastetxe publikoek ere Euskaraldian parte hartu zuten. Zurbaran, Zurbaranbarri, Uribarri, Tiboli eta Artxandape eskolek elkarrekin dantza egin zuten euskararen alde, ikusi bideoa hemen. Errekalde herri eskolan ere gorputzak mugitu zituzten!

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitarteko 11 egunetan, 16 urtetik gorako milaka euskaldun “Euskaraldia, 11 egun euskaraz” izeneko ariketa sozial masiboaren protagonista izan ziren. Lehen edizioan herritarren parte hartzea ikaragarria izan zen, oraingoan norbanakoen ahalmen hori talde ahalmen bihurtzea izango da bigarren edizioaren helburua.

Oraingoan entitateek parte hartzeko modu eraginkorra proposatzen du Euskaraldiak: administrazioan, herriko elkarteetan, lantokietan, zerbitzu enpresetan, kirol taldeetan… 15 egunez euskaraz arituko diren taldeak, Ariguneak aktibatuko dira 2020ko edizioan.