Egungo ezegonkortasun-testuingurua ez da egokia eskola-ordutegiari buruz eztabaidatzeko
2020-09-17
Ziurgabetasunaz beteriko ikasturte-hasiera honetan, oraindik gai asko konpondu gabe dituena, eztabaida interesatu batzuk sortzen ari dira, eta ordutegi jarraitua familiok egun batetik bestera izan ditugun kontziliazio-arazoei aurre egiteko irtenbide bakar moduan aurkezten ari da.
EHIGEren eta bere federazioen ustez, eskola ordutegia azterketa pedagogiko eta zientifiko baten esparruan ezarri behar da, ikasgela barruko ordutegi akademikoa murriztu gabe. Egungo ezegonkortasun-testuingurua ez da egokia horri buruzko eztabaida sakon eta lasai bat egiteko.
Oraintxe bertan, jantoki-zerbitzua eskatu duten familia guztiek zerbitzua izan dezaten lan egitea da gure lehentasuna.
Era berean, laster protokolo argiak izango ditugu zaintza-zerbitzuak eta eskolaz kanpoko jarduerak abian jartzeko, higiene- eta urruntze-neurri egokiekin. Horrela, espero dugu ikastetxeetako ohiturak ahal den neurrian normalizatuko direla, familiek berriz ere kontziliatzeko aukera izan dezaten.
Horregatik, berriro diogu ez dugula uste horrelako eztabaidak irekitzeko unea denik, familien artean eztabaida eta zatiketa sortu besterik ez bailukete egingo.