“Amonaren ahotsak”, Donostiako Altzako Institutuaren proiektua

2024-03-21

Altza BHI institutuko DBH 3ko ikasleek ‘Amonen ahotsak’ izeneko proiektua egin berri dute. Horren bidez, maila horretako ikasle bakoitzaren amona abesti bat kantatzen entzun daiteke ikastetxearen sarreran jarri duten erakusketan.

Kultura eta euskara dira Altza BHI institutuko bi ardatz nagusiak, eta Martxoaren 8a zetorrela eta, bi ardatz horiek emakumeen presentziarekin uztartu nahi izan zituen Karmele Muro institutu horretako musika irakasleak. Amonen ahotsak izeneko proiektua jarri zuen martxan DBH 3ko lau ikasgeletan, eta proiektu original honi esker, altxor moduko bat dute ikastetxeko sarreran. Izan ere, ikasle bakoitzaren amona haurra zeneko abesti bat kantatzen entzun daiteke bertan kokatu dituzten QR kodeak eskaneatuz gero.

Altza BHI institutuko 40 ikasle inguruk euren amonak txikiak zireneko abesti bat kantatzen grabatu dituzte

Grabaketa horietan, munduko hainbat txokotako amonen ahotsak entzun daitezke. «Badaude hemen bizi diren amona batzuk Extremadurako abestiak kantatzen, Galiziatik galegoz abesten, eta euskaraz ere baditugu. Horrez gain, jaso ditugu Marokon bizi diren amonen abestiak, Brasilen bizi direnenak, Errumanian ere bai… Oso polita izan da orokorrean», nabarmendu du Murok.

Amonak hizkuntza desberdinetan abesten entzutea ikastetxerako «altxor» bat dela uste du Murok. Gainera, kultur aniztasun hori are gehiago zaintzeko erabaki zuen amonen eskuak agertu behar zirela argazkien ondoan: «Ahotsaz gain, eskuetan ikusten da emakume bakoitzaren gutxi gorabeherako adina eta esku horiek nolako lana egiten duten. Esku zaharragoak eta gazteagoak direnak ikus daitezke irudietan, eta hori ere kulturala da: emakume batzuk amonak dira eta 50 urte dituzte».