2020-2021 ikasturtea: premiaz jorratu beharreko gaiak
2020-06-12
EHIGEren ustez, hauek dira datorren ikasturteari begira premiaz landu beharreko gaietako batzuk, eta hala jakinarazi dio Hezkuntza Sailburuari.
2019-2020 ikasturtearen amaierako ebaluazioa eta 2020-2021 ikasturteko beharren diagnostikoa
Ikasturte hasieran planifikatutako ikaskuntza prozesuan konfinamendu egoerak ikasle bakoitzarengan izan duen eragina adierazi behar dute ikastetxeek ikasturte-amaierako memorian.
Hezkuntza Sailak 2020-2021 ikasturtea planifikatu beharko du, ikastetxe bakoitzaren azken txostenak identifikatu dituen beharretatik abiatuta.
2020-2021 ikasturterako inbertsioak baliabide berrietan
Guraso Elkarteetan bildu ditugun datuek, pandemiak familiengan eta ikasleengan dituen ondorio psikologikoei buruz argitara eman diren ikerketek, agintariek pandemiaren ondorio ekonomikoei buruz argitara eman dituzten txostenek eta EEKak, elkarteek eta sindikatuek argitara eman dituzten proposamenek 2020-2021 ikasturterako hezkuntza-egoera kezkagarria eta konplexua deskribatzen digute.
Beraz, errealitate berri horri ezin zaio erantzun aurreko ikasturteetako baliabide eta estrategia berberekin. Euskal Eskola Publikoak baliabide berriak beharko ditu hezkuntza-desberdintasunak areagotzen jarrai ez dezan eta haustura soziala areagotu ez dadin. Pandemiaren aurretik, hezkuntza-sistemak desorekak eta segregazio-egoerak zituen, eta horiek areagotu egin daitezke. Benetako premiekin bat datozen baliabideak bermatzeko garaia da.
Horregatik, EHIGEk pandemiaren ondorioei aurre egiteko plan bat eskatu dio Hezkuntza Sailari, ikastetxe publikoentzako giza baliabideetan zein baliabide materialetan inbertsio handiagoak egin ditzan, honako alderdi hauetan:
- Curriculumaren garapenean eta ikasleen konpetentzien ikaskuntzan atzerapenak murrizteko hezkuntza-neurriak.
- Gizarteratzeko hezkuntza-errefortzuak: aparteko laguntza plan bat gizarte bazterketako arrisku larrian dauden edota hezkuntza premiak dituzten ikasleentzat.
- EEPrako digitalizazio-plan bat (ikastetxe publiko guztietarako plataforma bat, gailuak, edukiak, prestakuntza): familia eta irakasle bakoitzak bermatuta izan behar du bere baliabide teknologikoa, eta sarbide libreko eduki eta baliabide digitalak ere.
Agertoki guztiak planifikatzea
Pandemiaren bilakaerak sortzen duen ziurgabetasun egoerak eta kutsatze eta berragertze guneak sortzeko aukerak EHIGEtik hezkuntza agintariei segurtasuna eta erantzukizuna eskatzea eragiten du. Familiek klase presentzialetara itzultzeko duten nahiari plangintza zehatz baten bermeekin erantzun behar zaio.
Hori dela eta, uste dugu beharrezkoa dela datorren ikasturtea planifikatzeko orduan hainbat agertoki kontuan hartzea, inprobisazioak saihesteko. Ikastetxeek irizpide argiak eta baliabideak behar dituzte datorren ikasturtean eman daitezkeen eszenatokiak antolatzeko. EHIGEk adierazi du prest dagoela egoera anitz horiei aurre egiteko arau-plan bat egiten laguntzeko.
Prestakuntza emozionala, digitala eta linguistikoa sustatzea
Uste dugu ez dela datorren ikasturtearen hasierara arte itxaron behar, eta oporraldia erabili behar dugu euskara gaitasuna galdu duten ikasleen hizkuntza-errefortzua egiteko.
Gainera, datorren ikasturteari begira, beharrezkoa ikusten dugu familientzako prestakuntza oinarrizko hiru esparruetan, konfinamenduaren inpaktua murrizteko: digitala, linguistikoa, emozionala.
Zentroetan osasun-prebentzioko neurriak betetzeko baliabideak
Jarduera protokolo argi bat behar dugu, ikastetxean batean kutsatze-foku bat detektatuz gero.
Osasun-langile ibiltariak izatea eta ikastetxeen eta Osakidetzaren arteko harremana estutzeak lagungarri izango dira osasun-prebentziorako.
Hezkuntza espazio berriak eta azpiegitura berrietan inbertsioak egitea
Eszenatoki desberdinek eskatzen dute eskolen barneko eta kanpoko espazioak birdefinitzea, bai eta udal-titulartasuneko espazioak ere, behar izanez gero hezkuntza-espazio gisa erabiltzeko.
Gainera, hezkuntza-instalazioak berritu behar dira, espazio zabalagoak, patio estaliak eta abar eraikiz.
Â