“Nolako Euskal Eskola Publikoa nahi dugu” hitzaldia emango dugu maiatzaren 26ean Laudion

2022-05-18

Maiatzaren 26ean, arratsaldeko 18:00etan hasita, “Publikoa da bidea. Nolako Euskal Eskola Publikoa nahi dugu?” hitzaldia eskainiko dugu Laudion EHIGE eta HEIZE elkarteok Euskal Eskola Publikoa, Gaur, Bihar ekimenarekin batera.

Hitzaldi hau etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legeari buruzko eztabaida-prozesuan kokatzen dugu. Prozesu honek hiru zutabe ditu:

  • Oinarrien dokumentua. Dokumentu sakon hau da prozesuaren zutabea, eta eztabaida sustatzea du helburu, ekarpenak eta balorazioak jasoaz. Bi zati ditu: lehenengo zatian euskal hezkuntza sistemaren diagnostikoa egiten du. Bigarrenean, bestalde, Euskal Eskola Publikoaren plan estrategikoa egiteko proposamena jasotzen du.
  • Hitzaldi-eztabaidak. Martxoaren bukaeratik aurrera hitzaldiak egingo ditugu, herri mailan zein ikastetxeetan.  Oinarrien dokumentua aurkezteaz gain, eztabaidarako aukera izango da.
  • Euskal Eskola Publikoaren proposamena Euskal Hezkuntza Legerako. Prozesuari amaiera emateko, proposamen berri bat argitaratuko dugu, Euskal Hezkuntza Legean eragina izatea helburu izango duena.

Hitzaldira etorri ezin zaretenoi oinarrien dokumentua bisitatu eta zuen ekarpenak egitera animatzen zaituztegu. Bertan aurkituko duzue ere Bilbon egin genuen hitzaldiaren grabaketa. Horretarako:

  • Sartu euskaleskolapublikoa.eus web gunean.
  • Klikatu eskumaldeko menuan duzuen PUBLIKOA DA BIDEA ikonoan.
  • Izena eman (ekarpenak ondo kudeatzeko egiten dugu hau).
  • Bideoa ikusi, dokumentua irakurri eta egin zuen ekarpenak.