Muñagorri Eskola Gipuzkoako Eskola Txikien Sarean sartu da
2026-11-09
Berastegiko Muñagorri Eskolak beste urrats bat eman du bere ibilbidean, Gipuzkoako Eskola Txikien Sareko kide bihurtu baita. Erabakia 2025-2026 ikasturtean egindako hausnarketa eta lanketa prozesuaren ondoren hartu dute eskolak eta guraso elkarteak, eta ikasturte amaieran aho batez eman zioten sarean sartzeko oniritzia.
Prozesuan zehar, Eskola Txikien Sarearen funtzionamendua, oinarriak eta balioak ezagutzeko aukera izan dute, baita sareko kide izateak dakartzan ardura eta konpromisoak aztertzeko ere.
Etapa berri honen erakusgarri, eskolako sarreran plaka bat jarri dute. Horren bidez, Muñagorri Eskola Gipuzkoako Eskola Txikien Sareko partaide dela adierazi nahi izan dute. Eskolaren eta herriaren izaerarekin bat egiten duen proiektua dela nabarmendu dute, eta Berastegik bide berri bati ekin diola azaldu.
«Sarean sartzea ez da helmuga, bide berri baten hasiera baizik», adierazi dute. Horregatik, datozen hilabeteetan ere sarearen jardunean parte hartzen jarraitzeko asmoa dute. Besteak beste, eskualdean antolatzen diren urteko bileretan parte hartuko dute, inguruko herrietako guraso elkarteekin harremanak sendotzeko, bizipenak eta esperientziak trukatzeko eta elkarlaneko ekimenetan aritzeko.
Bestalde, Eskola Txikien Festarekin duten lankidetzari eutsiko diote. Hori dela eta, dagoeneko gonbidapena luzatu diete berastegiarrei datorren urteko hitzordurako: 2027ko ekainaren 13an Alkizan ospatuko den Eskola Txikien Festa.
