Luzaro ikastetxeak Zientziaren Astea ospatu du
2021-02-17
Luzaro ikastetxe debatarrak bere Zientziaren Astearen bigarren edizioa egingo du aste honetan. Ekimen honen helburuak ikasleen gaitasun zientifikoa garatzea, zientzian dagoen genero-desberdintasuna ezagutaraztea eta, esperimentuen eta manipulazioaren bidez, ikasle bakoitzak bere baitan duen zientzialari txikia argitara ateratzea dira. Ekimen hau aurrera eramateko, tokiko sektore eta pertsona desberdinen laguntza izan dute.
Aurreko ostegunean, hilak 11, jarduerak hasi ziren, eta Zientzian Emakumeen eta Nesken Nazioarteko Eguna ospatu zuten. Eskualdeko ekimenaren esparruan, ‘Debabarrena STEAM’, Debegesa, Debabarreneko Garapen Agentziak, STEAM_Debabarrena foroko agenteekin lankidetzan, hainbat ekimen antolatu zituen egun hori ospatzeko. Ekintza horietako bat Debabarreneko ikastetxeei zuzendutako topaketa birtuala izan zen, “Gozatu, dibertitu eta ikasi zientziarekin” lemapean. Maitane Alonso ikertzaile eta asmatzaile gazteak eta Valpat Youtubeko kanal ospetsuko protagonistak hartu zuten parte.
Ostegunean, Luzaroko ikasleek ere marrazkiak egin zituzten, bakoitzak zientzialari baten irudia nola ikusten zuen azaltzeko. Marrazki horiek eskolako korridoreak apaintzen dituzte aste honetan.
Tailerrek protagonismo handia izango dute aste honetan, eta bertan parte hartuko dute bai ikasleek bai irakasleek. Arratsalde bakoitzean tailer bat baino gehiago burutuko dira, euskaraz eta gaztelaniaz.
Tailerrak eta esperimentuak gauzatzeaz gain, dokumentalen proiekzioetarako ere lekua gorde da. Ostolaza Udal Liburutegiak Zientziaren Aste honetan parte hartuko du eta genero zientifikoko dokumental batzuk utziko dizkio eskolako liburutegiari. ‘Teknopolis’ saioko kapituluen eta debatar batengandik Tailandiatik bidalitako akuikulturako bideoen emanaldiak egongo dira.