Jolastoki berria aurkeztu du Getariako Iturzaeta Herri Eskolak

2020-12-17

Eraberritze lanak azaroan amaitu bazituzten ere, atzo aurkeztu zuten Getarian Iturzaeta Herri Eskolako jolastoki berria. Hiru eremu sortu dituzte gune berrian: itxitako eremua batetik, elementu naturalekin egindakoa bestetik, eta joko zehatzei buruzkoa, hirugarrenik.

Lehenengoari plaza deitu diote, eta lehen espazio irekia zena, orain itxi egin dute ate gardenekin. Izan ere, zentroko zuzendariak dio eremu “hotza eta hezea” zela, eta aldaketekin, haurrek mugimendu atonomoan ibiltzeko nahiz hainbat ekintza mota egiteko aukera izango dutela. Bigarrengoan, aldiz, itsasoa eta lurra uztartu nahi izan dituzte, eta elementu naturalak erabili dituzte bertan: ura, pinuazalak, hondarra… Horren helburua da haurrak “esperimentazioan eta jolas sinbolikoan aritzea”, gaineratu du herri eskolako ordezkariak. Sarrerako espazioan, berriz, zentzumenei eta mugimenduei eman nahi izan diete garrantzia, eta horretarako, hainbat jolas mota jarri dituzte bertan. Horrela, haurren garapen integrala bermatu dezaketela gaineratu du Etxabek.

Auzolanaren garrantzia nabarmendu nahi izan du zuzendariak. Izan ere, herri eskolako umeen gurasoek eta hezitzaileek ere lagundu dute jolastokia berritzen. “Hormak pintatzen, sarrerako jolasak jartzen eta beste hainbat lanetan ere lagundu dute”.

Bere aldetik, Amaia Urzelai Hezkuntzako Gipuzkoako lurralde ordezkariak herri eskola osatzen dutenen “lana eskertu” nahi izan du. Bere hitzetan, ez da herri eskolako proiektua bakarrik izan, “herri osoarena” baizik, eta bide horretan, guraso komuninatearen, irakasle taldearen eta eskolako zuzendaritzaren lana goraipatu nahi izan du.

Haritz Alberdi Getariako alkateak ere esker oneko hitzak izan ditu proiektua aurrera eramaten lagundu dutenentzat, eta garbi utzi nahi izan du, zailtasunak zailtasun, Getariako Udalarentzat beti izan dela hezkuntza lerro estrategikoa. Bere hitzetan, hezkuntza beti dago lotuta herri baten garapen sozial, ekonomiko eta kulturalari, eta horregatik, Getariako alkatearen hitzetan, garrantzia berezia eman behar zaio.