Giza eskubideak, artea eta euskara batzen dituen hormairudiak apaintzen du Murumendi eskola
2022-07-15
Beasaingo Murumendi Eskola ikastetxe publikoak, maiatzetik aurrera, horma koloretsu eta adierazgarri bat luzitzen du. Arteria proiektuari esker sortu den horma-irudia haurren giza eskubideei buruzko hausnarketa sakon baten ondoren gauzatu da, ikasleen, irakasleen eta eskola-komunitatearen arteko prozesu parte-hartzaile baten bidez.
Artea haurren giza eskubideekin lotzeko abiapuntutik sortu zen eskolatik gertu gelditzen den horma batean murala egiteko nahia, eta hala proposatu zen. Eskolako batzorde Pedagogikora eraman zen ideia eta proiektu honetan parte hartzearen aldeko jarrera azaldu zen. 3. zikloko ikasleekin lantzeko gai egokia iruditu zen, alde batetik giza eskubideen gaia baloreak arloan lantzen delako eta bestetik Arte hezkuntzan sormenari eta talde lanari leku handia ematen zaiolako. Honela, Lehen Hezkuntzako seigarren mailako lau geletako ehun haurrek hartu zuten parte eginkizunean.
Honetaz gain, Arterirari esker Goierri eskualdeko sortzaileekin lan egiteak eta beraien lana balorean jartzea balio erantsia eskaini dio egiasmoari. Hartara, bilera baten ondoren, Aizpea Lasa Muxika diseinatzaile grafikoa muralaren diseinuaz arduratuko zela erabaki zen. Lanari gogotsu heldu zitzaion 2022ko otsailean.
Lanaren prozesua
Lehenik gela bakoitzean lau saio burutu ziren giza eskubideen betetze maila aztertuz eta kartulina batean ideiak taldeka irudikatuz. Talde lan hau oso aberasgarria suertatu zen. Ikasleek lehengo momentutik beraien ahotsak erabili zituztelako gaiari kontestua emateko eta hitzetan adierazten zutena irudiekin lotzeko.
Ondoren diseinatzailearen lana etorri zen eta geletan landutako irudietatik abiatuta, hormaren tamaianara eraman zituen ikasleen ideiak.
Lan honetan Alaia Martin bertsolaria ere bidelagun izan da. Bertsolaritza saioetan ikasleekin koplak sortu zituztelako eta muralean adierazita dauden hitzak josten lagundu zuelako.
Maiatzean muralaren lanarekin hasi ziren. Aizpeak kartoizko txantiloiak prestatu eta ikasle talde batek marrazketa lana egin zuen. Aurrez, eskolako guraso talde batek horma urdinez margotzeko ardura hartu zuen bere gain.
Hurrengo egunetan, 5-6ko taldeetan antolatuta, ikasleak aritu ziren ordubeteko tartean margoketa lana egiten. Egunetik egunera hormairudia koloretsu eta bizi bihurtzen joan zen. Lanean ere parte hartu zuten eskola komunitateko beste hainbat kidek: guraso, irakasle eta atezainak.