Eskola-jantokien proiektu pilotoak bisitatzen ari dira parlamentariak

2021-03-03

Egun hauetan eskola-jantokien proiektu pilotoak bisitatzen ari dira Eusko Legebiltzarreko parlamentariak, Orduña LHI, Markina-Xemeingo eskola publikoa, Gernikako Allende Salazar eskola eta Mungiako Laukariz eskola publikoa hain zuzen ere.

2016ko apirilean abiatu ziren Markinako Bekobenta-Markina eskola publikoan eskola-jantoki osasungarriagoak lortzea helburu duten esperientzia piloto hauek. Ondoren Allende Salazar LHI (Gernika) eta Laukarizeko (Mungia) esperientziak martxan jarri ziren. 2018ko irailean azkenaren txanda izan zen, Urduñakoa hain zuzen ere.

Lau ikastetxe hauek ezaugarri amankomunak dituzte: sukaldea dute ikastetxean eta sukaldariak Hezkuntza Sailaren menpeko langileak dira (Urduñan izan ezik), Hezkuntza Sailaren menpeko jantoki-arduraduna dute, IGEak kontratatzen ditu begirale-hezitzaileak eta IGEa arduratzen da elikagaien hornikuntzaz.

Esperientzia hauek erakutsi dute posible dela ikastetxe publikoetako jantokiak bertako elikagaiekin, ekologikoekin eta sasoikoekin hornitzea aurrekontu berdinarekin.

Orain, esperientzia hauetatik abiatuta, eskola-jantokien kudeaketa-eredu berritzaile eta deszentralizatuei lege-marko bat ematea tokatzen da, egun indarrean dagoen araudiak catering sistema jasotzen duelako soilik, iruzurra sortu duen eredu zentralizatzaile ez-jasangarria.