Ekainaren 5ean Bastidan ospatuko dugun Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaia aurkeztu dugu

2022-03-30

Gaur aurkeztu dugu prentsaurrean 2022ko ekainaren 5ean Bastidan ospatuko dugun Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaia. Bastidako eskola publikoko ordezkariez gain, bertan egon dira ere Arabako Errioxako ikastetxe publikoetako ordezkariak, familiak zein zuzendaritza-taldeak. Izan ere, guztiak parte hartzen ari dira Jaiaren antolakuntzan.

2019ko azaroan prentsaurrea egin genuen Bastidako eskolan gaur batzen gaituen helburu berberarekin. Orduan ez genuen imajinatzen zenbat aldatuko zen gure bizitza hilabete gutxi batzuetan.

Argi geneukan Arabako Errioxak merezi zuela Euskal Eskola Publikoaren festa handi bat, eta hirugarrenean asmatu dugu: 2022ko ekainaren 5ean ospatuko dugu Bastidan Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaia.

Ohikoa den bezala, festa eta aldarrikapena batuko ditugu Bastidan ekainaren 5ean. Ikastetxe publikoen eguneroko lana balioan ipintzeaz gain, beharrezkoak ditugun baliabideak exijituko dizkiogu Administrazioari, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eman ahal izateko.

 

Programari buruzko datu batzuk

Bastidako espazio hauek hartuko dute Euskal Eskola Publikoaren Jaia:

  • Eskola: hasierako-ekitaldia egingo da bertan.
  • Herriko plaza: jaiaren erdi-gunea izango da.
  • Piszinak eta ikastola aurreko zelaigunea: haur eta gazteentzako guneak.
  • Frontoia: bazkaria.
  • Irakaslearen plaza, Jai plaza: kultur-ekitaldiak.
  • Kaletik: kale animazioa

Aurtengo Jaiaren jarduerak ez dira mugatuko ekainaren 5era. Ekainaren 4rako programa prestatzen ari gara, asteburua Arabako Errioxara hurbildu nahi direnentzat. Horretaz gain, jardunaldi pedagogiko bat egingo dugu maiatzean irakasle eta gurasoekin, eta abestia aurkeztuko dugu Aste Santuetako oporren ondoren.

Adi nobedadeei!

Deskargatu aurkezpenaren prentsa txostena PDF formatuan.