EHIGEren ekarpenak eskola-jantokiak arautzen dituen agindu berriari

2023-09-18

EAEko ikastetxe publikoetako jantokiak arautzen dituen agindua berritzeko prozesuari ekin zion Hezkuntza sailak abuztuan. Egun hauetan iritsi da proiektua Euskadiko Eskola Kontseilura eta hainbat ekarpen egin dizkiogu Euskal Eskola Publikoaren etorkizunerako hain garrantzitsua den araudi honi.

23 urte pasatu diren arren egun indarrean dagoen araudia martxan jarri zenetik, aldaketa txiki batzuk baino ez ditu egin nahi Hezkuntza sailak. Hala ere, gai honek duen garrantzia kontuan hartuta, hainbat ekarpen egin dizkiogu aginduari. Hona hemen batzuk:

  • Elikadura osasuntsua eta iraunkorra sustatzea. Gaur egun ezin da ulertu jantokia otordu-zerbitzu soil bat bezala, eragin zuzena duelako ikasleen osasunean eta baita ingurumenean ere. Hala, elikadura osasuntsua eta iraunkorra lortzea izan behar daeskola-jantokiak arautzen dituen araudiaren helburuetako bat.
  • Hezkuntza-tresna garrantzitsua. Elikadura osasuntsua eta iraunkorra sustatze helburu duen heinean, Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuan txertatu behar da eskola-jantokia, horrek dituen inplikazio guztiekin.
  • Hezkuntza-tresna garrantzitsua den heinean, langile guztiek (begirale, sukaldari, office, arduradun) formakuntza egokia jaso behar dute, bereziki elikadura osasuntsua eta gatazken konponketan.
  • Euskararen erabilera bermatzea. Benetako murgiltze-eredua izateko, beharrezkoa langile guztiak beharrezko gaitasuna izatea eta euskararen erabilera bermatzea jantokiko espazioan.
  • Eredu osagarria arautu eta OOGa ahalmentzea eredua aukeratzeko. 2019eko urrian Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu zion arren kudeaketa osagarri bat arautzea Hezkuntza sailari, momentuz catering enpresa handien bidezko kudeaketa zuzena soilik dago arautua.
  • Sukaldea izateko baldintzak zehaztea. 50 ikastetxe publiko baino gehiago daude oraintxe sukaldea egiteko zain eta ez da inon zehazten zein baldintza bete behar dituen ikastetxe batek sukaldea izateko. Bada garaia eskolan bertan sukaldatzeari dagokion garrantzia emateko.
  • OOGren funtzioak handitzea. Ikastetxeko erabaki-organu gorena den heinean, erabaki-ahalmen gehiago izan behar du eskola kontseiluak hainbat arlotan: eredua aukeratzea, zerbitzuaren kontrola, lehengaien erosketa, euskeraren erabilera, eta abar.
  • Jantoki batzordearen funtzioak handitzea. Jantoki-batzordeak derrigorrezkoa izan beharko luke; informazioa, formazioa eta aurrekontua behar ditu; eta zebitzuaren kontrola egiteko ahalmena izan behar du Hezkuntza sailarekin batera.

Eskola-jantokien gaia interesatzen bazaizue, gure web-guneko atal honetara joan.