EHIGE eta HEIZEk irregulartasunak salatu ditugu matrikulazio prozesuan

EHIGE eta HEIZE-k irregulartasunak salatu nahi dituzte Ordizian (Gipuzkoa) 3 urteko ikasgeletako 2018/2019 matrikulazio  prozeduran.

1/2018ko Dekretuak, eta honi dagokion Aginduak, ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen dute  ikastetxe publikoetan naiz itunpeko ikastetxe pribatuetan.

Dekretu honen bidez, Haur Hezkuntza (lehenengo zikloaren hirugarren ikasturtetik aurrera), Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, ikasle guztiek doako ikaspostua izateko eskubidea bermatzen da. Hezkuntza sailak egindako plangintzaren baitan, aitek, amek eta tutoreek hautatu ahal izango dute zer ikastetxe nahi duten Dekretu honen xede diren ikastetxeen artean. Halaber garbi jasotzen da eskaintzen den ikaspostu kopurua txikiagoa baldin bada eskatzaile kopurua baino, dekretu honek eta haren garapen arauek ezarritakoaren arabera arautuko dela ikasleen onarpena.

Hezkuntza sailari dagokio zehaztea ikastetxe publikoek eta itunpeko ikastetxe pribatuek gehienez zenbat talde eta ikasle onartu dezaketen aipatutako Sailak xedatutako planifikazioaren arabera. Onarpena bermatzeko, batzorde bat eratzen da lurralde historiko bakoitzean, ikasleen onartze prozesua ikuskatzea eta prozesua erregulatzen duen araudia betetzen dela bermatzeko.

Ordiziako Jakintza Ikastola ikastetxe pribatu/itunduak  62 eskaera jaso zituen 2018/2019 ikasturteko 3 urteko ikasgeletan. Kontutan izanik ikastetxe honek  50 ikaspostu zituela planifikatuak, eskaerak barematu behar ziren. Ondorioz 12 ikaslek ez zuten ikasposturik lortu lehen aukeran eta araudiaren arabera, familiek aukeratutako bigarren zentroan matrikulatu behar ziren. Azpimarratu behar da familiek aukeratutako bigarren zentroan eta Ordiziako Urdaneta eskola publikoan ikaspostuak hutsik bazeudela Jakintza Ikastolako  12 ikasle hauek onartzeko.

Hala ere, Hezkuntza Sailak, berme batzordean emandako informazioa, ikasleen onarpena arautzen duen Dekretua, eta Agindua urratuz, barematu beharrean, 50 ikaspostu bakarrik onartu dezaken ikastetxean, 62 ikasle matrikulatzeko baimena eman zuen.

Ondoren, 2018ko urrian Jakintza ikastolak hezkuntza ituna handitzea eskatu zuen eta

2019ko otsailaren 7an, Gipuzkoa-ko Lurralde-Ordezkaritzak publiko egin zuen Jakintza Ikastolari ituna handitzeko behin-behineko proposamena.

Nabaria da hezkuntza itunak modu estalian handitzeako estrategia argia dela, ikastetxe pribatuen/itunduen egoera hobetuz, eskola publikoaren kaltean.

Egoera honen aurrean, EHIGE eta EHIZEk publikoki salatzen dugu:

 

  • Hezkuntza sailak ikasleak onartzeko eta eskolatzeko prozedura arautzen duen Dekretua eta Agindua ez betetzea.
  • Ikasleak modu irregularrean matrikulatu eta eskolatzea, ondoren ituna handitzeko eskaera bideratzeko.
  • Sare pribatua argi eta garbi lagundu eta eskola publikoaren eskaintza ahultzen duen hezkuntza itunentzako prozedura estalia.
  • Jaiotza tasa jaitsiera testuinguruan hezkuntza itunak handitzea.
  • Ordiziako  eskola-segregazioa areagotu eta kohesio sozialean negatiboki eragiten duen, Gobernuaren hezkuntza politika.

EHIGE eta HEIZEk Hezkuntza Sailari eskatzen diogu:

  1. Ordizia eta gainontzeko hezkuntza-hitzartze prozesuak gelditzea.
  2. Egoeraren diagnostikoa, eta jaiotza-tasa jaitsiera orokorraren testuinguru honetan, ikaspostu galeraren kuantifikazioa eta sareen arteko banaketa.
  3. Araudia betetzea eta hezkuntza publikoaren aldeko apustu irmoa egitea.