Kohesio eta justizia sozialerako hezkuntza-sistema proposatzen dute Xabier Mendizabal eta Ana Eizagirrek

2020-02-18

Elkarrizketa egin die Gonzalo Larruzeak Xabier Mendizabal eta Ana Eizagirreri irailean publiko egin zuten “Kohesio eta justizia sozialerako eskola publikoa” dokumentuaren harira. Euskal Eskola Publikoa Gaur Bihar behatokian landu dute dokumentu hau HEIZE eta EHIGE elkarteekin batera.

Hauek esaten dituzte, besteak beste:

Gaur egun hezkuntza sistemak dituen ahulezia estrukturalei buruzko gogoeta prozesu bat ireki nahi dugu

Eskola publikoaren ibilbideak erakutsi digu, ikastetxeen kanpotik adituek, teknikariek edo politikek inposatutako eredu homogeneizatzaileek ez dutela funtzionatu. Uste dugu, eredu malgu eta deszentralizatu berri bat sortu behar dela eskola publikoarentzat, eta horrek denen konpromisoa eta parte hartzea eskatuko du. Eskola Publikoari ez zaio inoiz horrelako aukerarik eskaini.

Galdera da, hiritarrok eta bereziki klase sozial ertainek zein eskola publikoa nahi dugun jakitea. Planteamendu hau, interes pertsonaletatik haratago doan gaia da eta denon artean abordatu behar dugun erronka soziala.

Arduradun politiko ausartak eta gaituak beharko dira sistemak dituen egiturazko erronkei irteera aurkitzeko. Horrekin batera, klase sozial ertainetan kokatzen diren hiritar progresistak sentsibilizatu beharko dira eskola publikoa hezkuntza sistemaren ardatza izan dadin. Ahalegin horretan kokatzen garen eragileak izan nahi dugu, eta proposatzen duguna da indar metaketaren bitartez kohesioa eta justizia sozialerako euskal hezkuntza sistema eraikitzea.

Hoberen funtzionatzen duten ikastetxe gehienak, euren inguruko gizartearekin lotu direnak dira. Gizartean planteatzen den edozein gaia eskola horietan tratatzen da, bai gurasoek gaia eramaten dutelako, bai komunitate osoa gizartearekin lotzen delako.

Hezkuntza sistema iraunkor bat eraikitzeko ezin da eztabaida plano politikoan edo teknikoan bakarrik kokatu. Bestalde, erakundeetan ardurak dituztenak ere ez dira eztabaidan parte hartu beharko luketen bakarrak. Hiritarrei parte hartzeko aukera ere eman behar zaie. Eskola bateko guraso, irakasle edo ikasle baten iritzia jakitea ere, edota hiritarren ekarpenak ezagutzea garrantzitsua izango da hezkuntza sistema egonkor bat eraikitzeko.

Gure hezkuntza poliki-poliki talde-interesek cuasimerkatu batera bihurtzera bultzatu dute, eta azoka balitz moduan, hezkuntzaren merkatu bat sortzen joan da. Merkatu honetarako, ikastetxe pribatuen patronalek bere plan estrategikoa espantsionistak diseinatu dituzte. Orduan, konturatu gara eskola publikoak ez daukala plan estrategikorik merkatu honetarako; eskola publikoaren erantzukizun ofiziala dutenek, ez dutela interesik izan eskola publikoaren hedapen jasangarrirako plan bat diseinatzeko. Hezkuntza sistemak eta Eskola Publikoak, gaur egun jasaten dituen desorekak besteren artean merkantilizazio prozesu honen ondorio dira.

Hezkuntzaren merkantilizazioak aldeak sortu ditu, ez sareen artean bakarrik, baita eskola publikoen artean ere. Gaurko euskal gizarteak, eskola publiko ahaldundua eta izaera sozial nabarmena duena eskatzen du, eta izaera hori merkatu sistemak bultzatuta ahultzen joan da. Gaur egungo eskola publikoa ez da erabateko sare orekatu eta kohesionatu bat, nahiz eta azken urtetan urrats interesgarriak eman diren BIHE, SAREAN eta EHIGE elkarteen lan dinamikari esker..

– Gaur hezkuntzaren merkatuan saltzen diren eleaniztasun proiektuak, metodologia berrien paradigma diren ikaskuntzak, teknologia berrien merkatuak, eta abar, familiak liluratzea eta haien interesa erakartzea dute helburu. Baina sistema honen logikak beste ondorio batzuk ere ekarri dizkigu: segregazio egoerak, ikasleen maila sozioekonomikoen araberako eskolatze sistema, atzerriko ikasleen presentziak hainbat herritarrentzat sortzen dituen mesfidantzak, eta abar. Hezkuntza sistema hau jasangarria da? Datuek erakusten digute gaurko hezkuntza sistema, desberdintasunen erreproduzitzailea dela, eta euskal gizartearen kohesioa eta justizia soziala daudela jokoan.

Euskal eskola publikoa, gaur, bihar ekimenaren lehenengo helburua, eskola publikoaren oinarrizko printzipioen araberako hezkuntza publikoaren sare egituratu bat antolatzeko sentsibilizazioa bultzatzea izango da. Horrekin batera, eskola publikoak merkatu honen logikagatik galdu duen izaera berreskuratzea litzateke, eta bere izaera konpentsatzailea indartu hezkuntza jarduera inklusiboei lehentasuna emanaz. Hiritarrei ekitatean oinarrituriko kalitatezko hezkuntza eskaintzea izango da daukagun gizarte anitzaren aurrean euskal gizarteari eskola publikoak eskainiko dion ardatzeko proiektu soziala. Ekitatearen eta bikaintasunaren lorpenak bateragarriak direla frogatzen digute ikerketek.

– Lehentasuna da argi esatea eskola publikoa merkatu sistema honetatik kanpo geratu behar dela. Gure ezagutza partekatzen baldin badugu, eta ez lehiatzen ibili, denon ezagutza bikoiztu egingo da. Eta hori erakutsi digu sarean lan egiteak.

Gehiago irakurri nahi? Hemen duzu elkarrizketa osoa.