“Bitartean, Etxetik Ikasten” saio berria EiTBn hezkuntza-prozesua errazteko

2020-03-24

Datorren astelehenean, martxoaren 30ean, Hezkuntza Sailak eta EiTBkBitartean, Etxetik Ikasten” saioa abian jarriko dute. Programaren helburua ikasleen hezkuntza-prozesua erraztea izango da, batez ere, etxean euskarri teknologikorik ez duten haurrena.

Eskainiko diren edukiak Lehen Hezkuntzako ikasle guztientzat izango dira, baina, batez ere, etapa horretako 1. eta 4. maila bitarteko neska-mutilentzat. Hezkuntza saio hau euskaraz eskainiko da eta astelehenetatik ostiralera, 9:00etatik 12:00ak arte, ikasleen curriculumekin loturiko hainbat eduki eskainiko dira. 30 minutuko piluletan, maila bakoitzari dagozkion materiak landuko dira.

Era berean, Hezkuntza Sailaren zein EiTBren asmoa da “Bitartean, Etxetik Ikasten” saio interaktibo bihurtzea. Era horretan, ikasleek euren galderak, zalantzak edo iradokizunak luzatu ahal izango dituzte, eta hauen erantzunak programan zehar edo hurrengo emankizunetan eman ahal izango dira.

Hau guztia, ETB3n eta eitb.eus-en eskaintzeaz gain, Hiru3ko euskarri digitaletan ere jasoko da ondoren (webgunean, APPan, HBBTV eta Smart TV zerbitzuetan).

Atalak eta gaiak

Egunero, “Bitartean, Etxetik Ikasten” saioa Aldaba izeneko tartearekin irekiko da. Irakasleak etxeetatik jasotako feedbacka partekatzeko unea izango da; jasotako argazkiak, audioak, kezkak eta galderak erantzuteko momentua. Horretarako, irakasleek haurrei gonbidapena luzatuko die beraien galderak bidaltzeko.

Orobat, egunean hiru orduko eskola hauetan denetariko gaiak jorratu dira. Esaterako, Irakurketarekin goxatzen atalean, egunero, ordu laurden bat eskainiko diote irakurketaren ulermenari, testu ezberdinak oinarri hartuta. Euskararen gaia Hitzak jolasean tartean landuko da. Ahozkotasunak izango du lehentasuna, idatzizko adierazpena ahaztu gabe. Mugi-mugi atalak itxialdian gauden bitartean gorputzaren lanketarako ariketak proposatuko ditu.

Hari-mataza tartean matematikaren txanda izango da: buruketak, mahai-jolasak, jolas matematikoak, matematikaren eragina egunerokotasunean, buruzko kalkulurako estrategiak, abakoen erabilera, bitxikeria matematikoak, eragiketak egiteko estrategiak…

English corner-ean, berriz, ingelesaren irakaskuntzara hurbilduko ditu ikus-entzule gazteak, errutina, hiztegia, esaldi labur, irakurketa, olerki, ipuin animatu, marrazki bizidun, albiste labur, baina beti ere ikusteko euskarriaz lagunduta.

Gizarte Zientziak gaia landuko da Muduaren birak atalean, eta bertan zuhaitz genealogikoaz eta norberaren bizitzaren kronogramaz jardungo dute, beste gai batzuen artean. Zientzia Edonon sailak, berriz, honako gaiak jorratuko ditu: metodo zientifikoaren erabilera egunerokotasunean, esperimentazioa eta, oro har, zientziari buruzko dokumentalak ere erakutsiko dira. Teknologia konpetentziari eskainitako denboran, modu errazean, jolasen bidez eraikitzea sustatuko da.

Musikak izango du, berebat, bere lekua. Ttakun Ttakun atalean musika adierazpena, dantzak, perkusio jolasak eta erritmoak landuko dira. Eta azkenik, Bitakora-k egingo du egunaren itxiera, zer ikasi den errepasatuz eta ikusleak gune interaktiboan parte hartzera gonbidatuz.