Alkizako Eskola Txikiak eraikina estreinatu du

2020-12-04

Alkizako herri eskolak irizpide bioklimatikoei eta jasangarritasunari jarraituz eraikitako lau solairuko eraikina estreinatu du. Lau solairuko eraikinak 824,44 metro koadroko azalera du eraikin berriak. Ikasturte honetan, Haur eta Lehen Hezkuntzako 49 neska-mutil (2 urtetik 12 urtera bitartekoak) ari dira bertan.

2020ko martxorako lanak bukatuta zirela, Alkizako ikasleak eskola berrira sartzeko zorian ziren. Baina Covid-19ren pandemiaren eraginez aurrez aurreko eskola jarduera eten egin zen Euskadiko eskola guztietan. Beraz, 2020-2021 ikasturte honetara arte, joan zen irailera arte, ikasleek ezin izan dute estreinatu eskolako eraikin berria.

Horrela, lanak egin ondoren, Alkizako eskolak beren espazioak handitu egin ditu bi solairu gehiagorekin, eta eraikin zaharrean igogailurik ez egoteak zekarren irisgarritasun-arazoa ere konpondua gelditu da.

Alkizako hau, egun Euskal Hezkuntza Sisteman lanean ari diren 54 eskola txikietako bat da. 2.900 ikasle inguru dituzte ikasturte honetan 54 eskola horiek. Adin aniztasuna bultzatzen duten eskola publikoak dira eskola txikiak. Horixe dute ezaugarri nagusi eta bereizgarri. Gainera, landa eremuan edo biztanle gutxiko guneetan egon ohi dira kokatuta, eskuarki.