2025-2026 ikasturterako eskola-egutegia
2025-05-06
Maiatzean, ikasturteko azken eskola-kontseiluak egingo dira, eta zereginetako bat 2025-2026 ikasturteko eskola-egutegia adostu eta onartzea izango da.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egutegia egiteko ebazpenak argitaratu ditu. Hemen duzue informazioa:
Haur eta lehen hezkuntza
Irakas-jarduerak ezingo dira 2025ko irailaren 5a baino lehen hasi. Lehenengo irakas-eguna 2025-2026 ikasturtearen aurkezpena egiteko erabili ahal izango da. Eskola-jarduerak, beranduenez, 2026eko ekainaren 19an amaituko dira. Aginduak ezartzen duenez, ikaslegoak 875 irakastordu eta 175 egun jasoko dituzte gutxienez.
Bigarren hezkuntza eta batxilergoa
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako etapan irakas-jarduerak ezingo dira 2025ko irailaren 5a baino lehen hasi ezta 2026ko ekainaren 19a baino beranduago amaitu. Aginduak ezartzen duenez, ikaslegoak 1050 irakastordu eta 175 egun jasoko dituzte gutxienez.
2025ko maiatzaren 30a baino lehen, ikastetxeetako zuzendariek Hezkuntza Sailak horretarako espresuki diseinaturiko aplikazio informatikoa erabiliz hurrengo ikasturteko eskola-egutegiaren proposamena egingo dute.
Jarraian, 2025-2026 ikasturterako egutegiak egiteko ebazpenak uzten dizkizuegu.
- Haur eta lehen hezkuntzako egutegia egiteko arautegia.
- DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketako eskola-egutegia egiteko arautegia.
Zalantzarik izatekotan jar zaitezte harremanetan zuen federazioarekin.