Zizurkilen ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren logoa aurkeztu dute

2025-10-20

2026ko ekainaren 14an Zizurkilgo erdigunean ospatuko den Gipuzkoako Eskola Txikien Festaren logoa aurkeztu du Mendigain eskolako ikas-komunitateak, miru gorria.

Hegazti baten irudia jasotzen du logotipoak; miru gorria. “Gurean babes hartzen duen hegazti espeziea, talde zentzua duena eta mundura zabalik dagoena. Ez baitugu gurean soilik geratu nahi, festaren bidez lau haizetara aldarrikatu nahi dugu eskola txikien eredua. Guk ere harro egin nahi dugu hegan, miruek bezala”, adierazi dute.

Miruaren hegan egiteko modu berezia ere gogoan izan dute, “zeruan planeatzen ikusten dugunean erraz identifika dezakegun hegaztia da, harrotasun puntu batekin egiten baitu hegan, soslai gorrizta utziz”.

Mendigain “sorreratik adin ezberdinak nahastu izan diren eskola da, eta azken hamarkadetan euskararen babesleku bihurtu dena, euskaraz bizi den herri bat indartuz”, aipatu dute. Eskolak herriarentzat duen garrantzia ere azpimarratu dute: “Adin aniztasuna, euskara, eta herrian txertatuta egotea. Eskolako haurrek bizitza ematen diote herriari: Jolasean ibiltzen dira, elkarrekin barre egin eta haserretzen dira, azken finean, bizitzaz eta bizitzen ikasten dute ingurune honetan. Herriak leku bat ematen die munduan, eta eurek, bizitasuna herriari”. Mundua aipatuta, Palestinako haurrak ere gogoan izan dituzte guraso elkartetik.

Instagrameko kontu honetan jarrai ikus ditzakezu Zizurkilen egingo den festaren azken nobedadeak.

Ekainaren 14an, denok Zizurkilera!