Urduña Herri Eskolak merezi duen aitortza jaso du

2025-06-05

Milaka lagun hurbildu ziren igandean Urduñara Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia ospatzera. Ikastetxeetatik antolatutako autobusetan, garraio publikoan, autoetan eta larunbatetik autokarabanetan hurbildu ziren “Lurra, herria, eskola ERROTU“ lelopean ospatu genuen Jaira.

Urduña Herri Eskolaren patio bernaturalizatu ederrean egin zen hasiera-ekitaldi ofiziala, Itxaso Arrizabalaga eskolako amak gidatuta. Urduñako Getxa Goi txistu taldeak eman zion hasiera, “Errotu” abestiarekin. Ondoren, gonbidatuei agurra dantzatu zieten eskolako hiru guraso eta irakaslek. Susana Aribayos EHIGEko presidenteak hartu zuen hasierako hitza. Arlo guztietan eskola publikoa lehenestea eta familien zeregina aintzatestea eskatu zituen, besteak beste. Ondoren, Urduña herri eskolako IGEko presidenteak eta lehen IGEko presidenteak hartu zuten hitza (Ainhoa Leal eta Javi Ortegak). Gero, agintarien txanda izan zen, Iker Santocildes Urduñako alkatearena, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuarena, eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiarena, hain zuzen ere.

Ondoren, hasiera-ekitaldiaren momenturik bereziena iritsi zen, lekuko aldaketarekin. Izan ere, Urduña herri eskolako ikasle txikienak eta helduenak lekukoa eman zieten Santurtziko lau eskolateko umeei (Las Viñas, Serantes, Itsasoko Ama eta Emilia Zuza).

Gonbidatuen artean egon ziren, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Euskara zuzendaria, Ugao eta Santurtziko alkateak, Urduñako Udaleko hezkuntza zinegotzia eta EH Bilduko zinegotziak. Hezkuntza saileko ordezkariak ere bertan egon ziren, horien artean Hezkuntza Politiketako sailburuordea, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea, Lanbide Heziketako sailburuordea eta Euskadiko Eskola Kontseiluko presidentea. Bertan egon ziren ere HEIZE, EHU eta Euskalgintzako Kontseiluaren ordezkariak, baita EAJ, EH-Bildu, PSE, Sumar eta Elkarrekin-Podemos partiduetako kideak, eta LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuko ordezkariak.

Lau gune eta kale animazioa

Hasierako euri tantak urrunduta, eguraldia lagun izan zuten Urduñara hurbildu zirenek. Zaila egin zitzaien gurasoei euren umeak eskolako patio ederretik ateratzea. Gernika plazan bazkaria eta musika izan ziren nagusi eta Bolatokiko puzgarriei ez zitzaien jendetzarik falta egun osoan.

Kaleko jarduerek animatu zituzten Alde Zaharreko kaleak eta Foru Plazan jolasteko hainbat aukera egon zen, baita Ingot eta Gozategiren kontzertuez gozatzeko aukera ere.

Urduñatik Santurtzira

Urduñako herri eskolaren ibilbide luzeak jaso du merezitako aitorpena. Eskerrik asko Urduñako hiriari eta Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia posible egin duzuen babesle eta bolondres guztiei.

Orain, Santurtziren txanda da. Urte oso bat daukagu aurretik. Bitartean, jarrai dezagun Euskal Eskola Publikoa eraikitzen.

Errotu!

(Portadako argazkia: Aiaraldea.eus)