Sukaldeak, elikadura osasungarriagoa lortzeko lehen urratsa
2025-12-18
2025-2030 aldirako azpiegituren planak 28 sukalde in situ eta zonaldeko 16 eraikitzea jasotzen du. 2019-2023 aldirako aurreko planak sukaldeak eraikitzea jasotzen zuen lehen aldiz, eta, beraz, esan dezakegu Hezkuntza Sailak sukalderik gabeko ikastetxe publikoak eraikitzeko duen politika lehengoratzea lortu dugula.
Argi dugu sukaldeak eraikitzea elikadura osasuntsuagoa eta iraunkorragoa lortzeko lehen urratsa dela. Baina ez da nahikoa. 2019an, Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiek lau hilabeteko epea eman zioten Eusko Jaurlaritzari kudeaketa eredu deszentralizatuak aztertzeko. Sei urte geroago, zain jarraitzen dugu.
Kudeaketa-eredu zentralizatu zaharkitua
Duela bederatzi urte abian jarri ziren eta gaur egun euskarri juridikorik ez duten lau proiektu pilotu izan ezik, ikastetxe publiko guztietako jantokiak katering-enpresa handien bidez kudeatzen dira. Ikastetxeek ez dute erabakitzeko gaitasunik, eta enpresek aukeratzen dituzte kudeatu nahi dituzten loteak.
Azken kontratuak hobekuntzak dituen arren (etiketa ekologikoak/labela/bidezko merkataritza eta tokiko hornitzaileak), Administrazioaren kontrolik ezak eta ikastetxeen eskumen urriek zaildu egiten dute enpresa esleipendun guztiek nahitaez bete beharreko irizpide horien jarraipena egitea.
Horregatik guztiagatik, berriro diogu beharrezkoa dela kudeaketa berritzaile eta deszentralizatua ahalbidetuko duen arau-esparru bat sortzea. Izan ere, egungo eredu zentralizatua zaharkituta geratu da, eta gero eta ikastetxe gehiagok eskatzen dute kudeaketa deszentralizatuko eredu bat garatzea, non eskola-elikadura erabakitzeko gaitasuna ez den kanpoko enpresa batena, eskola-komunitatearen beraren borondatearena baizik.
Sukaldeen mapa
Sukaldeen mapa eguneratu dugu. Informazio hau aurkituko duzue bertan:
- Sukaldea daukaten ikastetxe publikoak.
- Sukaldea egitea onartua duten ikastetxeak (2025-2030 planean daudelako, esaterako). Zerrenda horretan bazaudete, jar zaitezte martxan!
- Eskola kontseiluaren bitartez sukaldea eskatu duten baina gaur egun erantzun egokirik jaso ez duten ikastetxeak.
Sukalderik ez baduzue, Hezkuntza Sailari eskaera egitera animatzen zaituztegu, eskola-kontseiluak onartu ondoren.
Gure seme-alaben eskola-elikadura hobetzeko lanean jarraitzen dugu.
***
ERLAZIONATUTAKO BERRIAK:
https://www.ehige.eus/eu/eskola-jangelak-eredu-berria-eta-sukaldeen-zain/
https://www.ehige.eus/eu/ehigeren-ekarpenak-eskola-jantokiak-arautzen-dituen-agindu-berriari/
https://www.ehige.eus/eu/zer-hobekuntza-dituzte-jantokien-kontratazio-agiri-berriek/
https://www.ehige.eus/eu/ikastetxerik-ez-sukalderik-gabe-kanpaina-abiatu-dugu/
https://www.ehige.eus/eu/enpresa-handien-neurrira-egindako-jantokien-pleguak/
