Euskararen normalkuntza lortzeko, aniztasunari eta ordutegi ez formalari heldu behar diegu
2020-11-18
Kontseiluak antolatutako “Euskararen herrian euskal hiztun” jardunaldian parte hartu dugu, zehazki Hezkuntzaren oraina eta etorkizuna: Zer eta nola egin ikasleen gaitasunetan eragiteko eta belaunaldi berri euskaldun (aktibo) eleaniztunak erdiesteko? izeneko mahai-inguruan.
Hauxe azaldu dugu gure hitzaldian:
Eskola publikoa oinarrizko tresna izan da euskararen normalizazioan. Gaur egun 160.000 ikasle daude EAEko sare publikoko D ereduan, sare publikoko ikasleen %80a eta sistema osoko ikasle guztien %51. Honek, EAEko hezkuntza-sistemaren ardatz bihurtzen du sare publikoko D eredua. A eta B ereduak erresidualak dira sare publikoan, baina A eredu publikoan daude sistema osoko ISEK baxueneko ikasleak. Ezinbestekoa da hizkuntza-ereduak desagertzea.
D eredu anitza. Ez dago D eredu bakarra, D eredu asko ditugu. Izan ere gaur egun D eredu publikoan daude garai batean A eta B ereduan zeuden ikasleak. Honek esan nahi du aniztasun handia dagoela, bai egoera sozio-ekonomikoaren aldetik eta baita etxeko hizkuntzari dagokionean.
Emaitza kezkagarriak. EAEn sare publikoko D ereduaren bilakaera pozgarria den arren, emaitzak kezkagarriak dira Euskarazko hizkuntza-komunikazioa konpententzian. Ikasle kopuru handi batek ez du lortzen oinarrizko konpententzia. Datu batzuk ematearren: LHn 13 puntu galdu dira, DBHn 10. Bestalde, 2011tik 2017ra eta gora egin du euskara-arloan hasierako errendimendu-maila gainditzeko gai ez diren ikasleen kopurua: %35,7 LHn (2011ean %26,4) eta %41,3 DBHn (%28,2 2011ean).
Emaitzetan eragina duten aldagaiak. Ikasleen ISEK maila da emaitzetan eragin handiena duen faktorea eta sare publikoa da ISEK maila baxueneko ikasleak hartzen dituena. Bestalde, etxeko hizkuntzak ere eragin zuzena dauka euskararen emaitzetan. Sare publikoaren kasuan hauek dira datuak: LHko ikasleen %28,7 dira familia euskaldunetakoak eta DBHko ikasleen %23,2. Egoera sozio-ekonomikoari dagokionean, 2009tik bikoiztu egin da egoera sozio ekonomiko baxuko familien portzentaia LHko 4. mailan, etorkinen kopurua bikoiztu egin da 2009tik 2017ra LHn, eta 2,5 puntu hazi da DBHn.
Eskolak bakarrik ezin du. Arlo ez-formal eta informalean dugu euskararen normalkuntzan eragiteko zelai zabala, eta horretarako oso garrantzitsuak gara familiak. Arlo hauetan eragiteko hiru klabe azpimarratu ditugu:
- Eskola espazioaren garrantzia. Eskola euskararen erreferentea da ikasleentzat eta hori oso argi ikusi da konfinamentuan. Ondorioz, eskolako espazioak aprobetxatu behar ditugu ahal den ordutegi zabalenean, zaintzatik hasi eta eskolaz kanpoko ekintzetik amaitu arte. Horretaz gain, eskola espazioan egiten diren jarduera guztien arteko koordinazoa sustatu behar dugu, helburu berberrak izan ditzaten.
- Eskola-komunitate parte-hartzaileak sustatzea. Familik ezinbestekoak gara euskararen normalkuntzarako. Horretatik, familien partehartzea sustatu behar dugu eskoletan, horretarako bideak irekiz.
- Udaletxe eta beste eragileen inplikazioa. Eskola publikoa, inguruan txertatua dagoen eskola izanik, ezin da ulertu inguruko eragileen parte-hartzerik gabe.
Klabe horietan oinarrituako praktika on hauek konpartitu ditugu:
- Elkartoki: ikastetxeetako espazioak eraldatzeko proiektu pedagogiko eta eraldatzailea da, non ikasle, irakasle, familia eta udaletxeek parte hartzen dute. Beronen bidez, elkarbizitza lantzen da, komunitatea egiten da, ordutegi ez formalean erabiltzen diren espazioak hobetzen dira.
- Gurasoentzako mintzapraktika: Euskaraz dakiten eta ikasten ari diren gurasoak batzen dira eurek erabakitako espazio eta orduetan, ez dakitenei laguntzeko. Horrela, komunitatea indartzen dugu eta etxeko hizkuntzan eragiten dugu.
- BIGErekin euskaraz bizi: ikastetxeei kalitatezko euskarazko jarduerak eskaintzen zaizkie, eskola-ordutegian zein eskola-ordutegitik kanpo. Honela, euskara eta euskal kultura hurbiltzen da mota guztietako ikasleengana.
- Ikas-bi-klik: Ikas-bi Iparraldeko ikastetxe publiko elebidunetako federazioak egindako app eta web gunea euskaraz ez dakiten gurasoei euskaraz dakitenek laguntzeko. Komunitatea indartzeko modu bat da eta euskararen aldeko hautua indartzera familien artean.
- Euskaraz ez dakiten gurasoentzako gomendioak: konfinamentuan eskaini genizkien gomendioak familiei.
- Euskararen erabilera sustatzeko hitzaldi, lantegi eta formazio-saioak (Gasteizko udala-Denon Eskola): gurasoentzako eta eskolaz kanpoko begirale eta hezitzaileentzako hitzaldiak, eskaintzen ditu ikastetxeetan.
Garrantzitsua da praktika hauek konpartitzea eta sistematizatzea, ez daitezen geratu bakoitzaren txokoan.
Laburbiltzeko, euskararen normalkuntzan eragin nahi badugu, hezkuntza-sisteman eta bereziki sare publikoan dagoen gizarte-aniztasunari helduko dioten politikak behar ditugu. Horretaz gain, arlo ez fomalean dugu euskararen normalkuntzan eragiteko zelai zabala.
Ikusi hemen EHIGEren hitzaldia.