Gipuzkoako IGEen sare handiena
Gure egitekoa da Euskal Eskola Publikoko gurasoen ekimenak biltzea, babestea eta sustatzea eta haien benetako beharrei erantzutea, gurasoen ordezkaritza bideratzen duten elkarteen bidez, gure seme-alabek prestakuntza pertsonal eta profesional sendoa izateko hezkuntzarik eta bitartekorik onenak izan ditzaten.
Erakunde independentea eta partaidetzan oinarritua
Baikara Federazioak talde politiko, erlijioso nahiz bestelako taldeekiko erabateko independentziaz zehazten eta gauzatzen du bere jarduna. Independentzia funtsezkoa da, izan ere, familien talde interesak babesteko, aukera ematen baitigu gurasoen iritziak erakundeei eta gizarteari jakinaraztean gure aldarrikapenak inolako mugarik gabe eta behar adinako irmotasunaz egiteko.
Baikara Federazioak familiek hezkuntza prozesu guztian zehar erabateko partaidetza eta erabakitze ahalmena izan dezaten sustatzen du, gure seme-alaben heziketa irakasleekin batera partekatu beharreko ardura modura harturik, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeari loturiko alderdiei dagokienez. Era berean, elkarteen eta ikastetxeen premiak asetzeko proiektuak bideratzen ditu, Euskal Eskola Publikoa kalitatezkoa, plurala, demokratikoa, euskalduna eta laikoa izateko xede bakarrarekin. Hori lortzeko, gizartea sentiberatzeko kanpainak egiten ditugu, euskarari, bizikidetzari nahiz kulturartekotasunari buruz, besteak beste.
Sareko lana (EHIGE)
Baikara Federazioa EHIGE konfederazioko kidea da (Euskalherriko Ikasleen Gurasoen Elkartea). EHIGE euskal irakaskuntza publikoko guraso talde handienaren ordezkaria da. EHIGEri buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, sakatu hemen.
Â
Elkartearen estatutuak
Gure SOZIETATE ESTATUTUETAN (azken eguneratzearen data: 2009ko urtarrilaren 19a), gure xede, jarduera, sozietate egoitza, IGE bazkideen betebehar eta eskubide, erregimen ekonomiko eta abarri buruzko xehetasun guztiak bilduta daude. BAIKARA FEDERAZIOAren sozietate estatutuen kopia eskuratu nahi izanez gero, sakatu hemen.
Baikara Federazioko bazkide izateko baldintzak
Hauek dira bazkide izateko bete beharreko baldintza bakarrak: Gipuzkoako unibertsitateaz kanpoko hezkuntzako ikastetxe publiko bateko IGEa izatea, gure estatutuak onartzea eta dagokion urteko kuota ordaintzea. 2013-2014 ikasturterako kuota azken Batzar Orokorrean onartu zen: ikastetxeko ikasle bakoitzeko 2,20 euro.