Aukera guztiak, publikoak!

2026-02-02

Gaur hasi da aurrematrikulazioa Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan eta, urtero bezala, Euskal Eskola Publikoko komunitatearekin bat egitera animatzen zaituztegu. Hurbilen duzuen eskola publikora gerturatu edo online izena eman. Egunetik egunera gero eta gehiago gara gure seme-alaben etorkizuna publikotasunetik eraiki nahi dugun pertsonak.

Hurbileko eskola gara, etxe ondoan gaude. 600 ikastetxerekin EAEn, hezkuntza-sare hedatuena gara eta auzo eta herri txikienetatik hasi eta hiriburu handietan aurkituko gaituzu.

Ikasle bakoitzaren beharretara egokitua. Baliabide eta irakasle gehien duen sarea gara, eskarmentu handikoa denetariko ikasleak hezitzen. Horregatik, heziketarik onena jasotzen dute gure seme-alabek.

Ikasle gehien euskalduntzen duen sarea gara: gure Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen % 98k eta Batxilergoko ikasleen % 85ek D ereduan ikasten dute.

Komunitatearen parte-hartzean oinarritutako eskola gara. Gurean familiak ez dira bezero, hezkuntza-komunitatearen oinarrizko partaide baizik. Familiok ikastetxeko egunerokotasunean parte hartzen dugu, baita erabakitze-organoetan ere, gure seme-alabentzat eskolarik onena eraikitzen lagunduz.

Sarean egiten dugu lan beste ikastetxe publikoekin batera. Herriko haur eskola, institutu eta lanbide heziketako ikastetxeekin, baita bailarako beste ikastetxeekin batera ere. Elkarrengandik ikasten dugu hezkuntzarik onena emateko gure ikasleei.

AUKERA GUZTIAK, PUBLIKOAK!

PUBLIKOA DA BIDEA.