Eskola-jangelen kudeaketa deszentralizatzeko aukerak aztertu ditugu
2026-02-10
“Eskolan sukaldea daukagu eta orain zer?“ jardunaldia egin genuen urtarrilaren 31ean Bergaran. Jangelen kudeaketa deszentralizatzeko aukerak aztertzea helburu izan zuen jarduera honek.
Hiru hitz-hartze izan genituen bertan:
- Deszentralizazioa nola egin azaldu zuen gaian aditua den Aitor Bilbao abokatuak.
- Eskola-jangelaren udal-kudeaketa azaldu zuten Araitz-Beteluko Araxes eskolako bi kidek (Nafarroa).
- Urduñako herri-eskolaren esperientzia azaldu zuen eskolako bi gurasok.
Deszentralizazioa nola egin? Eskola-jantokitik eskola-jangelara
Hasteko, EAEko eskola-jantokiei dagokien araudia aztertu zuen (17/2023 Hezkuntza Legea, 2024ko irailaren 9ko agindua) Aitor Bilbaok. Indarrean dagoen aginduak sektoreko enpresen bidezko kudeaketa ahalbidetzen du soilik eta bestekoa kudeaketak ahalbidetzen dituen dekretu berri bat egin beharko litzatekeela azaldu zuen.
Ondoren, EAEko Araudia Nafarroakoa eta Kataluniakoarekin alderatu zituen. Nafarroako 58/2024 dekretuak, esaterako, aukera ematen du eskola-jangela kudeatu nahi duten tokiko erakundeekin hitzarmenak egiteko.
Bestalde, Kataluniako araudiak hainbat kudeaketa-eredu ahalbidetzen ditu:
- Sektoreko enpresa bati zerbitzua emanez
- Sektoreko enpresekin kanpoan prestatutako janaria.
- Udalekin edo eskualdeko kontseiluekin egindako hitzarmenen bidez.
- Ikastetxeen kudeaketa zuzena.
- Herritarrei irekita dauden bestelako establezimendu, erakunde edo instituzioekin egindako hitzarmenen bidez.
Deszentralizazioa hasteko, EAEn helduleku garrantzitsua dugula azaldu zuen: eskola-jantokien egungo ereduak behar dituen aldaketei buruz 2019an Legebiltzarrak aho batez onartutako erdibideko zuzenketa. Ebazpen honek lau puntu ditu:
- Kudeaketa berritzailea eta deszentralizatua hautatzen duten ikastetxeei aukera bideragarriak eman behar zaizkie.
- Sukaldeak eraikitzea bermatuko da hala eskatzen duten ikastetxeetan.
- Eskola-jantokien kudeaketa deszentralizatuaren zenbait eredu azter ditzala Eusko Jaurlaritzak helburu izanik eskola-jantokiak ikastetxeek berek eta/edo tokiko erakundeekin lankidetzan kudeatzea.
- Eusko Jaurlaritzak proposa dezala jantokien araudiaren beste idazketa bat aurretiaz hezkuntza-komunitatea kontsultatuta.
Momentu honetan egunero milaka menu egiten dituzten 8 enpresetan dago zentralizatuta EAEko ikastetxe publikoetako jantokien kudeaketa. Azken lizitazioan jasangarritasunarekin lotutako irizpideak sartu diren arren (elikagai ekologikoak, labeldunak, bidezko merkataritzakoak, bertako ekoizleenak), hobetzeko margen handia dagoela azaldu zuen eta badaude esperientzia interesgarriak, Urduñako udaleko pleguak eta Gasteizko haur-eskoletakoak, esaterako.
Amaitzeko, Europatik eratorritako araudiek erosketa publikoan gizarte- eta ingurumen-irizpideak sartzera behartzen dutela azaldu zuen.
Udal kudeaketa Betelun
Nerea Martiarena eta Marta Barbak Araitz-Beteluko Araxes eskolako esperientzia azaldu zuten. 58/2024 dekretu berriak ematen duen aukera aprobetxatuz, jantokiaren udal-kudeaketa abiatu dute bertan. Beraien hitzartzea bi norabidetan egin zuten: batetik, Nafarroako eskola-jantokien testuingurua eta azken urteetan sortu diren aukerak partekatu zituzten. Eta bestetik, eskola jantokiko proiektu hau hasi berria denez, martxan jartzeko prozesu honen ikaspenak eta aurrera begirakoak.
EAEko testuingurua ezberdina den arren, gakoak hauek lirateke: elikadura burujabetzaren aldeko proiektuak errazteko eta garatzeko araudi-markoa, herri mailako tresna eta erakunde propiak sortzea kudeaketarako eta ikastetxeen arteko erosketa partekatuak.
Urduñako esperientzia
Urduñakoa EAEn garatu diren lau proiektu pilotuetako bat da eta 2018an abiatu zen. Urduñako eskolak ez du sukalderik, aldiz, ondoan dagoen zahar etxeak bai. Sukalde berean bi zerbitzuak emateko, udal-sukaldea egin zen zahar-etxean.
Momentu honetan IGEa elikadura partidaz arduratzen da. Hau da:
- Janaria erosteaz: Udalak hornitzaileentzako lizitazio publikoa ateratzen du eta lizitazio horretara atxikitzen da IGEa. Elikagaien %80a ekologikoa da.
- Menuak diseinatzeaz, dietista, udal-teknikaria eta IGEaren artean.
- Dietista kontratatzeaz.
- Sukaldeko alokairua ordaintzeaz.
Lan pedagogiko garrantzitsua egiten du ere IGEak, bai ikasleekin (tailerrak, jokuak eskola-orduetan) eta familiekin (hitzaldiak, tailerrak…). Komunikazio-batzordea dute ere.
Amaitzeko, IGEko ordezkariek marko juridiko bat eskatu zuten beraien esperientziarako.
