“Ehunetan” izango da Santurtzin ospatuko dugun 33. Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren leloa

2025-12-11

Gaur aurkeztu ditugu prentsaurrean 2026ko ekainaren 7an Santurtzin (Bizkaia) egingo dugun Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaiaren leloa eta irudia. “Ehunetan” izango da leloa. Honen bidez Euskal Eskola Publikoa ehunduta dagoen sarea dela adierazi nahi dugu. Irudiari dagokionez, sare baten kontzeptua irudikatu du Xabat Agirre diseinatzaileak, norbanakoen hariek elkar ukituz eta elkar lotuz osatzen duten ehundura hain zuzen ere.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Karmele Tubilla Santurtziko alkateak, Sarai Campelo Serantes eskolako gurasoak, Iraia Rojo Jaiko arduradunak eta Susana Aribayos EHIGEko presidenteak. Bertan egon dira ere Itziar Carrocera Kultura, Euskara eta Kirol zinegotzia baita Santurtziko ikastetxe publiko guztietako ordezkariak, ikasleak, familia zein zuzendaritza-taldeak.

 

33 Jai

Euskal Eskola Publikoaren Jaia, eskola publikoa euskal hezkuntza-sistemaren ardatza izan dadin aldarrikatzea helburu duen eguna da eta urtero ospatzen da ekaineko aurreneko igandean 1994. urteaz geroztik.

Euskal Eskola Publikoaren komunitatea osatzen dugun milaka lagunen topagune izatearekin batera, eskola publikoa ahalduntzea du helburu egun honek. Honekin batera, bereak dituen ezaugarriak gizarteratzeko egun aproposa bihurtu da: publikoa den heinean denona eta denontzakoa, euskara eta euskal kultura sustatzailea, herrian txertatua, hezkuntza-komunitatearen parte-hartzean oinarritua eta berritzailea.

Urduñaren lekukoa hartuta, indarrez dator Euskal Eskola Publikoaren 33. Jaia Santurtzira. Oraingoan, hiru gune nagusi izango ditu: Portua, Santurtzi parkea eta Gernika plaza.

 

Euskal Eskola Publikoa Santurtzin

Santurtziko Euskal Eskola Publikoaren sarea ez da makala, izan ere bi haurreskola (Emilia Zuza eta Mirabueno), Haur eta Lehen Hezkuntzako lau eskola (Serantes, Emilia Zuza, Las Viñas eta Itsasoko Ama), Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko bi ikastetxe (Kantauri eta Axular) eta Lanbide Heziketako ikastetxe publiko bat (Santurtzi LH) ditugu.

Azken urteotan, elkarlanetik abiatuta, Euskal Eskola Publikoa defendatzeko eta aldarrikatzeko ahalegin garrantzitsuak egin ditu, eskola-ehundura sendoa eta aberatsa sortuz. Lan handia egin dute euskalduntzearen alde. Gehien euskalduntzen duen sarea da eta esan beharrik ez dago hezkuntza eskaintza publikoaren %100a D eredukoa dela.

Santurtziko eskola eta institutuetan azpiegituretan inbertsio falta direla adierazi du hezkuntza-komunitatearen ordezkariak, eta hezkuntza-sistema dual desorekatua eta eskola-segregazioa salatu ditu.

Zatoz ekainaren 7an Santurtzira!

Info +: EEPren 33. Jaiaren aurkezpenaren prentsa-txostena