Beka ez-unibertsitarioak 2025-26

2025-09-02

2025eko urriaren 6an amaituko da 2025-2026 ikasturterako unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketetarako bekak eta laguntzak eskatzeko epea. Deialdiak lau kapitulu ditu eta lehenengo hiru kapituluetan beken hartzaileak jasota daude:

  • I. kapitulua: Irakaskuntza-maila hauetarako ikasketa-laguntzak: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Musikako eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzak.
  • II. kapitulua: Irakaskuntza-maila hauetarako ikasketa-bekak: Batxilergoa, Oinarrizko, Erdi Mailako eta Goi Mailako Lanbide Heziketa, irakaskuntza artistiko profesionalak, kirol-irakaskuntzak, hizkuntza-ikasketak.
  • III. kapitulua: Berariazko hezkuntza-laguntza behar duten ikasleentzako laguntza eta sorospen espezifikoak.
  • IV. kapitulua: Aurreko kapituluetan aipatzen diren unibertsitatez kanpoko irakaskuntzetako (eta ez-baliokideetako) hezkuntza-sistemako ikasketak egiteko beken eta laguntzen xedapen komunak.

 

Beken eskaera

Bekaren eskaera-prozesuari buruzko informazioa esteka honetako” Informazioa eta eskaerak” atalean aurki daiteke.

Urtero bezala, eskabideak online nahiz aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira bekaren xede diren ikasketak egingo diren ikastetxeetan.

2024-2025 ikasturtean beka edo laguntzaren onuradun izan eta matrikula kudeatzeko aplikazioan ikasketak egiten ari diren ikasleei, SMS eta/edo posta elektroniko bidez, jada betetako eskaera zirriborroa eskuratzeko aukera emango zaie. Eskaera-zirriborro hori Ikasgunetik ere eskura dezakete.

 

Hezkuntza-laguntzako premia bereziak dituzten ikasleak

Zuen seme-alabak hezkuntza-laguntzako hezkuntza-premiak baditu, ez ahaztu honako ikasle hauek jaso ditzaketen ikasketa-laguntzak biltzen dituen deialdiaren hirugarren kapitulua kontsultatzea.

Hirugarren kapituluan jasotako laguntzak eta sorospenak Hezkuntza Sailaren W67 aplikazioan erregistratutako ikasleei lagunduko diete; jarraian zerrendatzen diren hezkuntza-laguntzako premia espezifikoen tipologiaren bat edo batzuk dituzten ikasleentzat dira:

  1. Hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak, arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua (ADHN) duten ikasleak barnean direla, % 25eko edo gehiagoko desgaitasunaren edo jokabide-nahasmendu larriaren ondorioz. Desgaitasun-ziurtagiria behar bezala erregistratuta egon beharko da Hezkuntza Sailaren W67 aplikazioan.
  2. Hezkuntza-premia bereziekin lotutako komunikazio- eta hizkuntza-nahasmendu larriak dituzten ikasleak.
  3. Autismoaren espektroko nahasmenduari (AEN) lotutako hezkuntza-laguntzaren berariazko premia duten ikasleak.
  4. Gaitasun intelektual handiarekin lotutako hezkuntza-laguntzaren berariazko premiak dituzten ikasleak.

 

2024ko diru-sarrerak justifikatzeko zailtasunak dituzten familiak

Salbuespenezko inguruabarrak direla eta, eskatzaileak zailtasunak baditu frogabideak eskuratzeko, eta ezin baditu egiaztatu bizikidetza- edo familia-unitatearen 2024ko ekitaldiko baliabide ekonomikoak, beharrezkoa izango da egoera azaltzea eta dokumentu bidez egiaztatzea bizikidetza- edo familia-unitateak 2025eko ekitaldian dituen bizibideak.

Horretaz gain, PFEZaren aitorpena aurkeztu ez baduzu eta eskaerarekin bizibideak justifikatu ahal izateko, jasotako diru-sarrerak, bizibideak edo laguntzak egiaztatzen dituen edozein agiri (lan-kontratuen kopia, 10T), bai eta udaleko gizarte-zerbitzuek edo Gurutze Gorriak, Caritasek eta GKEek emandako ziurtagiriak ere aurkeztu behar dira.

 

Beka kobratzea

Laguntza dena batera ordainduko da, hilabeteko epean, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak behin betiko ebazpena ematen duenetik aurrera.

Hemen duzue 2025-2026 ikasturteko deialdiari buruzko informazioa:

Kontsultatu informazio guztia hemen eta gogoratu zalantzarik izanez gero zuen federazioarekin harremanetan jar zaitezketela.