Villabonako Fleming eskolak Etorkizun oparoko gazteak saria jaso du ‘First Lego League’-n

2023-03-21

Aurten ere, Villabonako Fleming eskolak ‘First Lego League’ txapelketara aurkeztu du bere STEAM proiektuaren parte den jarduera. Parte hartu duen Gipuzkoako zentro publiko bakarra izan da eta Etorkizun oparoko gazteak saria lortu du.

2022/23 denboraldi honetan, erronka tematikoak “SuperPowered” izena zuen. Ikasleek egindako lanek, energia eta energiaren zikloa izan dute ardatz: energia-iturri berriak, energia iturrien esplotazioa, energiaren biltegiratzea, kontsumoa, , etab.

Fleming Herri Eskolatik 4., 5. eta 6.mailakoek parte hartu dute, guztira 6 talde, bakoitza bere proiektuarekin.

Eskolan lan handia egin dute: alde batetik energia gaiaren inguruko lanketa (proiektua aukeratu, landu, adostu,…); bestetik alderdi teknologikoa (robotak sortu, programatu,…); eta azkenik txapelketarako aurkezpena prestatu (antolatu, landu, entsaiatu,…). Lanketa handia suposatzen du, baina baita ikaskuntza handia ere. Ikaskuntza multidisziplinarra, alderdi ugari bere baitan hartzen dituena. Gainera bereziki talde lana sustatzeko esperientzi paregabea da.