Gure Platera Gure Aukeraren proposamena Eusko Jaurlaritzarentzat

Hau da Gure Platera Gure Aukera ekimenak Eusko Jaurlaritzari helarazi dion proposamena egungo Eskola Jangelen eredua aldatzerakoan kontuan izateko.

SARRERA 

Argi dugu eskola-elikadura “eredu berri” bateruntz aurrera egiteko momentu klabe batean gaudela. Argi dugu ere aldaketa ez dela emango kontratazio-pleguen aldaketaren bidez, ezta helburu makroak dituzten planen bitartez. Aldaketa ez da emango ikasturte batetik bestera. Guzti horrengatik, taldeentzako sukaldaritza osasuntsuago, jasangarri eta pedagogikoa lortzen enfokatu behar dugu gure helburua. Helburu hori lortzeko trantsizio bat hasi behar da, jadanik gizartean hasi den trantsizioa eta gobernuan eman behar dena egungo araudia aldatuz.

Ezinbestekoa da eragile sozial eta instituzionalen arteko elkarlana, elkarren arteko lan eta elkar-ulertze-sareak ehuntzea, guztion helburua lortzeko: gure seme-alaben elikadura hobetzea.

ABIAPUNTUA

Gure Platera Gure Aukera ekimenak hainbat sektore eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lan-mahaia proposatzen du egungo araudia aldatzeko eta puntu hauek barne hartuz:

1. KONTRATAZIO-PLEGUAK

Badakigu 2019-2020rako eskola-jantokiak kudeatzeko kontratazio plegu berriak egiten ari dela Eusko Jaurlaritza. Eskaera hau egiten dugu:

  • Kontratazio horrek ez ditzala baldintzatu martxan jar daitezkeen beste kudeaketa-eredu batzuk, ezta 2000. urteko aginduaren aldaketa.
  • Enpresa txiki eta ertainek aukera izan dezatela lehiaketan parte hartzeko, eta irizpide sozial eta ingurugirokoak barne har ditzatela. 

2. SUKALDETIK MAHAIRA:

 

Sukaldeak errekuperatzea da eskola-komunitateen eskaera zabalduenetako bat. EHUren ikerketa batek eta EHIGEk egindako inkesta batek erakusten dute familien asetze handiagoa dela sukaldeak dituzten jantokietan. Hori dela eta, Eusko Legebiltzarrak eskatu bezala, “sukaldeak errekuperatzeko plan bat” egitea proposatzen dugu.

 3. EREDU HEZITZAILEAGO BATERUNTZ

Eskola-jantokia ez da betetzen ari dagokion helburu pedagogikoa. Hori dela-eta, eztabaida, elkarrizketa, ikasketa eta proposamenak egiteko espazio bat sortzea proposatzen dugu, beste esperientzia batzuetan fijatuz (Katalunia, Estatua eta Europako beste herrialde batzuk) trantsizio pedagogiko bat hasteko.

Espazio honek eta Hezkuntza sailak ekintza plan bat egitea proposatzen dugu. Plan hau datorren 4 ikasturteetan jarriko litzateke martxan, araudi berriaren aplikazioarekin batera.

4. ESKAERA BERRIAK, BALDINTZA BERRIAK

Eskola-elikadura eredu berri batek erlazio, perfil eta lan-baldintzen eredu berri bat eskatzen du. Horretarako ezinbestekoa da lan-mahai tekniko bat abian ipintzea, non jantokiko pertsonalgoaren papera aztertuko den. Mahai honek proposamenak egingo ditu eta 2 urteko epean trantsizio plan bat izango du eskari hauei erantzuteko. Araudi berrian sartuko dira aldaketa hauek.

5. GERTUKOA, BAI….BAINA NOLA?

Gure lehen sektorea ez dago prestatuta gaur egun eskola-elikaduraren beharrei erantzuteko. Hori dela-eta, eztabaida, elkarrizketa, ikasketa eta proposamenak egiteko espazio bat sortzea proposatzen dugu. Ecocomedores Canarias eta Estatu zein Europako beste esperientzia batzuk kontuan hartuz, eta inplikatutako landa garapenerako agentzien proposamenak kontuan hartuz, plan bat diseinatuko dute. Plan honek lehen sektorea bultzatuko du, gazte eta emakumeen instalakuntza lagunduko du eta eskola-jantokiei bertako produktuak bermatzen saiatuko da.

Plan hau martxan jartzeko ezinbestekoa izango da Nekazaritza eta Osasun sailaren inplikazioa, baita beste departamentu batzuena ere.

Pausu guzti hauek batera egin beharko lirateke, bide honi ekiteko inplikatutako eragilerik kanpoan utzi gabe.

KUDEAKETA EREDUAK

1992ko azaroaren 24ko aginduak Estatuko eskola-jantoki publikoen araudi orokorra ezartzen du eta kudeaketa eredu posibleak zehazten ditu, erkidego bakoitzak araudi propioa duen arren (Iturria).

Ereduak hauek dira:

a. Sektoreko enpresa bati zerbitzua emanez.

b. Prestatutako janariaren eguneroko horniketa kontratatuz, eta banaketa eta zerbitzua sektoreko enpresa bati.

c. Ikastetxeak kudeatuz zuzenean zerbitzua, ardura daukan organoak petsonalgoa kontratatuz, beharrezkoak diren horniketak erosiaz eta bitarteko instrumental propioak erabiliz.

d. Interesa duten dagozkien Udalekin itunduz zerbitzua. Kasu hauetan dagokien hitzarmenak egingo dira Hezkuntza eta Zientzia Ministerioarekin eta lekua izan lezakete lankidetza esparru zabalagotan hala adostuko balitz.

e. Zerbitzuaren prestaketa egokia bermatuko duten hiritarrei irekitako beste establezimendu, erakunde edo instituzio batzuekin egindako itunen bidez.

Europa eta Estatuan egin ditugun bidaietan ikusi eta ikasitakoaren ondoren, non hainbat eredu ezagutu ditugun euren abantaila eta desabantailekin eta egoera desberdinekin, gure ustez eredu desberdinek osatutako kudeaketa-eredu bateruntz abiatu beharko ginateke EAEn.

Abiatzeko premisa moduan, hezkuntza-komunitate bakoitzak erabakiko du zein eredu nahi duen. OOGak hartuko du erabaki hori. Eredu hauek proposatzen ditugu:

-KUDEAKETA (EZ) ZUZENA

Egungo araudian KUDEAKETA ZUZENA deitzen den kudeaketa ez-zuzena. Ikastetxeak aukeratuko luke enpresa eta enpresa txiki eta ertainek aukera izango lukete lehiaketa publikoan lehiatzeko. 

-KUDEAKETA DESZENTRALIZATUA

Eredu hau Estatuko E eta D ereduetan oinarrituko litzateke, tokiko erakundeekin hitzarmen bat garatuz herri edo eskualde bateko eskola-jantokiak kudeatzeko. Baldintza minimo batzuk ezarriz, tokiko administrazioak arduratuko lirateke kudeaketaz, azpiegitura propioak sortzeko aukera izanik (udal sukaldeak edo komunitarioak) edo kudeaketa eredu mixtoak adostuz eskola-komunitatearekin batera, edo beste talde edo ekimenen bidez kudeatuz.

-KUDEAKETA PROPIOA

Eredu hau estatuko araudiko C ereduan oinarrituko litzateke. Eskola-komunitateak kudeatuko du jantokia Administrazioarekin batera, aurretik zehaztutako irizpideen arabera, langileak publikoak izateko aukera izanik.

Hiru aukera hauk osatutako erdu berri honetan prezioa berdina izango da kasu guztietan, baita lan-baldintza eta ratioak ere, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ekonomikoa (oraingoaren antzekoa). Modu honetan bermatuko dira ikasle guztien eskubideak eta hiru ereduek ez dute inolako diskriminaziorik eragingo (ekonomikoa, kalitatea, eta abar) ikastetxeen artean.

Eredu hauek sakonago garatuko dira sukaldeak eraikitzen diren heinean, baita lan-mahaien aportazioak martxan jartzen direnean ere. Eredu hauek martxan jartzeko beharrezkoa izango da egun indarrean dagoen araudia aldatzea eta 2018ko errealitate sozialera egokitutako berri bat egitea. Araudi berri honek eskaera guztiei erantzun beharko liekete, kalitatezko eredu publiko bateruntz aurrera eginez.

 

PDF